Oñatiko udala

San Martingo baratze parkean martxan den auto-kudeaketa eredua aurkeztu dute OKITAÑO erabiltzaileen elkarteak eta Udalak

2016/07/06
Card image cap

  Udalak, 2014an onartu zuen Oñatiko aisialdi ortuen araudia. Bertan, auto-kudeaketarako bidea egingo zela jasotzen zen eta urrats hori dagoeneko eman dela azaldu da gaur prentsaurrekoan. 2015ean, San Martingo aisialdi ortuen erabiltzaileek elkartea sortu zuten, OKITAÑO, eta aurten, elkarte honek hartu du kudeaketaren ardura. Zentzu horretan, Udalak eta OKITAÑO elkarteak hitzarmena sinatu zuten maiatzean. Erabiltzaileen elkarteak bere gain hartu ditu gune komunen zaintza eta esplotazioa, tresnen mantentzea edota balizko erabiltzaile berrien eskaerak bideratzeko ardura. Hori gauzatu ahal izateko, erabiltzaile bakoitzak udalari ordaintzen zion kuota, egun OKITAÑO elkarteari ordaintzen dio. Udalari zuzendutako diru kopurua berriz, 5 € sinbolikotara murriztu da erabiltzaile bakoitzeko. Auto-kudeaketa eredu berri hau ona dela esan du Irati Etxeberria zinegotziak gaurko agerraldian.

  OKITAÑO elkarteko batzordeko kideek, eskuartean dituzten proiektuak azaldu dituzte. Hainbat egitasmo  berritzaile gauzatu asmo dituzte espazio komunetan, hazitegi bat esaterako. Baina esperimentazio espiritu hori hasieratik egon da elkarteko kideen artean, eta iaz, ortuak jaso berritan, Ameriketako Estatu Batuetan oso garatua dagoen baratze-sistema frogatu zen. Belarra, lastoa, konposta eta sitsa nahiz perlatxoak erabiliz landaketa gunea geruzaka osatu zen ortuetako batean. Garrantzitsua da, Oñatiko eguraldi euritsua kontuan hartuta, drainatze sistema on bat egokitzea eta hasieran, lan asko egin behar bada ere, gerora, lurra harrotu edo irauli beharrik ez duen sistema berezia frogatu zen. Esperientzia ikusita, beste baratze batzuetan frogatzen hasi direla esan digute erabiltzaileek. Bi-hiru ortu bat egin eta bizpahiru erabiltzaileen artean lantzeko egitasmoak ere gauzatzen ari dira eta aholkuak elkarri emanez edota haziak aldatuz, elkarlana nagusitzen ari da San Martingo ortu-gunean.

  San Martinen, 74 aisialdi ortu daude eta horietatik 70 okupatuta. Beste bi eskaera ditu une honetan OKITAÑO elkarteak mahai gainean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!