San Martingo baratze parkean dauden 44 ortu erabiltzeko baimena emateko deialdia egin du udalak

2019/01/08
Card image cap
Eskaerak udal bulegoetan egin behar dira urtarrilaren 22a baino lehen

  2014ko azaroan onartu zen aisialdiko baratze ekologikoak erabiltzeko udal araudia. Ortuen erabilera baimena urtebeterako ematen da eta gehienez lau urtera arte luzatu daitekeela dio araudiak. Hala, 2014ko lehen deialdian eman ziren baimenak iraungita daude abenduaren 15az geroztik. 40 orturen erabilpen baimena iraungi da eta horiek eta egun esleitu gabe dauden beste lau dira deialdi berri honetan eskaintzen direnak, 44 guztira. Ortu bakoitzak 30en bat metro karratu ditu eta ekologikoan lan egiteko baldintza dute. Erabiltzaileak 5 euro ordainduko dizkio udalari 2019ko errenta kontzeptuan eta aisialdi ortuen erabiltzaileen elkarteak jarrita duen kuota ere ordaindu beharko du, baina hori, gerora, esleipena egin ondoren.

  Erabilera baimenen esleipen honetan parte hartzeko 2014ko araudian onartutako baldintzak bete behar dira: ortua erabiltzeko baimenak irauten duen bitartean Oñatin erroldatuta egotea,  udalarekin zerga edo beste mota bateko betebeharrak egunean izatea, familia unitatearen kideek beste baratze ekologiko baten erabiltzaile ez izatea, eta aisialdiko baratzeen araudiak aurreikusitakoa ez betetzeagatik zigorturik ez egotea.

  Interesatuek eskaera udaleko erregistroan egin beharko dute urtarrilaren 22a baino lehen. Eskaera orriarekin batera NANaren edo identifikaziorako beste dokumentu ofizial baten fotokopia eta deialdiaren Alkate Dekretuak zehazten dituen baldintza guztiak betetzen direnaren zinpeko adierazpena aurkeztu behar dira.

  Eskaera guztiak eskutan, baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen artean zozketa egingo da. Baina aurrez, izena eman behar da eta horretarako azken eguna urtarrilaren 22a izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!