San Martineko aisialdiko ortuen erabiltzaileak lurra lantzen hasi ahal izango dira datorren astean

2015/04/29
Card image cap
Astelehenetik aurrera, lanabesak eta materiala gordetzen duen txabolako giltzak eskuragarri izango dituzte udaletxean

  Formakuntza saio teoriko eta praktikoak osatuta, lurra lantzen hasteko ordua iritsi zaie San Martingo baratze parkeko esleipendunei. Datorren astelehenetik aurrera jada, lanabesak gordetzeko egokitu den txabolako giltzen kopia bana jaso ahal izango dute udaletxean. Horretarako nortasun agiriarekin joan beharko dute. Hurrengo egunetan berriz, urteko kuota eta jarri beharreko berme edo abala zenbatekoa den jakinaraziz gutuna bidaliko zaie udaletik. Gogoratu, urteko kuota gisa, 70 euro ordaintzea zehaztu zela hartarako ordenantzan. Baina ortua landatzeko baimena maiatzean jaso dutenez, 8 hilabeteri dagokien kuota ordaindu beharko dute. Ortua eta azpiegiturak behar bezala zainduko dituztenaren berme gisa, bestalde, 70 € jarri beharko dituzte. Baina horren inguruko xehetasuna, datozen egunotan jakinaraziko zaizkie Udaletik.

  Datozen egunotan eratu beharko dute baita ere ortu-erabiltzaileen talde edo elkartea. Iazko urrian onartu zen araudi erregulatzailean erabiltzaileen elkartearen figura aipatzen da. Elkarte honek hainbat ordezkari  izendatu beharko ditu  Udalarekiko bitartekaritza lanak egin ditzaten.  

  Arratsaldean bestalde, ortua aldatzea eskatu dutenen zozketa egingo da. Zenbait ortu esleitu gabe geratu zirenez eta beste batzuk baja eman zutenez, 17 baratze libre daude une honetan. Hasieran zozketaz esleitutakoa libre daudenetako baten truke aldatzeko aukera eman da eta 11 lagunek hartarako eskaera egin dute. Horientzat, zozketa berria gaur arratsaldean egingo da. Hori bai, interesatuek, zozketan egon beharko dute momentuan aukeratu beharko baitute zein ortu nahi duten eta ondorioz, beraiena zena, hurrengo batentzat aukeran geratuko da. Ortuen bigarren zozketa hau, arratsaldeko 18.00tan egingo da udaletxeko areto nagusian.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!