Oñatiko udala

San Martindik Murgiara doan auzo bidea apirilaren 13tik aurrera bi astez itxiko da

2015/03/31
Card image cap
Bide batez, herriko hainbat kaletan asfaltatze lanak egingo dira

  San Martin auzoaren goialdean autokarabanentzako gunea eta aparkalekua egiten ari dira. Horrek, San Martindik Murgiara doan errepidearen lotura egokitzea ekarri du. Sektoreko urbanizazio lanak amaitzeko Murgia auzorako bidea moztea ezinbestekoa dela adierazi dute Egaralur enpresako arduradunek. Bide mozketa bi astetarako izatea aurre ikusten da baina luzeagoa ere izan liteke, beti ere, eguraldiaren arabera. Mozketa, apirilaren 13tik aurrera egingo da eta hasiera batean,hile amaierara arte luzatzea aurre ikusten da.

  Neurriak auzotarren ohiturak aldatuko dituen arren ez du aparteko arazorik sortuko  San Martingo etxeetara joateko bidea zabalik mantenduko baita eta Murgiara joateko Berezaotik barrena bide alternatiboa badagoelako.
Tokiko gobernu batzarrak bide mozketa egiteko baimena eman du eta horren berri Udaltzaingoari eman zaio dagozkion seinaleak jarri eta auzotarrei jakinarazteko.

  San Martingo urbanizazio lanak osatzeko karabanen gunea eta aparkaleku nahiz errepide zati berria asfaltatuko direla aprobetxatuko da, herriko beste hainbat kaletan ere asfaltatze lanak egiteko. Bidebarrieta kalean oinezkoentzako pasabideak egokitzeko lanak amaituko dira. Santa Marina plazan, Pakita altzariak denda aurrealdean dauden zulo handiak estaliko dira eta beste horrenbeste egingo da Aita Madina kalean, bereziki aparkaleku aldea asfaltatuz. Herrian zehar dauden beste zulo batzuk ere beteko dira.

  Asfaltatze lan hauek apirilaren 13ko astean egin asmo dira, beti ere eguraldiak hartarako aukera ematen badu.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!