San Martin auzoan berez garbitzen den komuna jarriko da

2015/05/07
Card image cap
Gaurko Gobernu Batzarrean komunaren hornidura eta kokapen lanak egiteko prozesua abiaraziko da

  San Martin auzoan, komuna jartzeko hornidura eta kokapenarena, gobernu taldearen asteko bilerarako lan zerrendan jaso diren 23 gaietako bat da. Beste bat, Ugarkalde eta Olabarrieta auzoa elkar lotuko dituen bizikleta eta oinezkoen bidea eraikitzeko proiektuaren lizitazioa bertan behera utzi eta berriro hasteko baldintza zerrenda onartzea proposatzen duena. Gaia, hala idatzita dago lan zerrendan baina hirigintza batzordetik jakinarazi dute ez dela horrela aurkeztuko. Arazoa nonbait, baldintza plegoan zehaztu zen aurrekontuan dago, udalak onartu zuen proiektuan kantitate bat adierazten baitzen eta lizitazioan beste bat. Baldintza plego berria egin eta prozesua berrarazi gabe, lehen lizitazio honetara  aurkeztu diren enpresetako ordezkariekin zuzenean komentatu eta konpondu da. Udal Gobernu Taldeari arratsaldeko bileran emango zaio guztiaren berri. Bide batez, lanen lizitaziora aurkezteko epea astelehenean amaituta, 11 enpresen proposamenak jaso direla ere jakinaraziko da.

  Hirigintza batzordearen eskutik, herritarrek aurkeztutako lan baimen eskaerak ere azalduko dira eta aipagarria da, erreteila egin edo teilatua eraberritzeko hainbat eskaera aztertuko direla. Baita baimenik gabe lanak egitearen ingurukoak ere.

  Udalak, Goiena komunikazio taldearekin duen hitzarmena ere eztabaidatuko da. Goienak Oñatiko berri eman eta bere produktuak herrian zabaldu daitezen, udalak eta taldeak lankidetza eta finantzazio hitzarmena adostu zuten. Horren berritzea proposatuko da gaurko bileran.

  Ongizate zerbitzuak departamentutik bestalde, Oñatiko odol emaileen taldeak egindako eskera edota Pake Leku elkarteak egindakoa aztertuko dira, besteak beste. 

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!