Oñatiko udala

San Martin egoitzan ez dago Covid positiborik une honetan

2022/01/26
Card image cap
Astelehenean jaso zuten alta azken egoiliar gaixotuek

  Hilabete zaila izan dute San Martin egoitzan, 43 egoiliarrek eta langileen erdiak positibo eman baitute Covid-ean, azken bost asteetan zehar. Positibo eman zuten lehen bi egoiliarrak Eibarko egoitzara eraman ziren baina ondoren gaixotu zirenak San Martinen bertan egon dira, zegokien denboran gelan isolatuta. Aldi berean, positiboekin gelan zeuden egoiliarrak lekuz aldatu behar izan ziren eta hauek ere positibo ematen zuten ikusteko bereziki zaindu dira. Une honetan 75 egoiliar daude San Martin egoitzan eta horietatik 43k positibo eman dute Gabonetatik hona. Horrek guztiak egoitzako egoera zaildu egin du, lana gehitu egin da, eta besteak beste, PCR probak asko gehitu dira.

  Era berean, egoitzako langileen erdiak ere positibo eman du eta gutxienez astebetez baja izan dira. Baina aipagarria da langileen jarrera ona, eta halaxe azpimarratu du egoitzako arduradunak, gaixorik zeuden egoiliarren behar handiagoak egoki bete dituzte eta osatu bezain pronto lanera itzuli dira baja izan direnak. Gehienek, zorionez, aparteko sintomarik gabe pasa baitute Covid-a.

  Gaur-gaurkoz, San Martin egoitzan ez dago Covid positiborik ez egoiliarren artean ezta langileen artean ere. Lasaitasun honek bisitak eta kalerako irteerak normaltasunez egiteko aukera ematen du berriro, eta langileei, pilatutako nekeari buelta emateko aukera. Hala ere, egoitzaren sektorizazioak bere horretan jarraitzen du eta solairu ezberdinen arteko egoiliarrak nahastu gabe jarraitu beharko dute, bakoitzak bere ordutegian eta guneetan bisitak jasotzen, balizko kutsatze berriei egoki erantzun ahal izateko. Era berean, positibo izan ez direnen zaintza eta kontrolak jarraituko du eta langileek ere, hamabostean behineko prebentziozko PCR probekin jarraituko dute.

  Aurrera begira, egoiliar berriak espero dituzte San Martin egoitzan, azken asteetan ingresoak etenda egon baitira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!