San Martin egoitzan eta eguneko zentroan normal ari dira lanean.

2013/02/27
Bertako langileek ez dute jarraitu, Gipuzkoako zahar etxe eta eguneko zentroetan greba egiteko deialdirik.

  ELAk eta LAB sindikatuek egin dute hiru eguneko greba deialdia Gipuzkoako zaharren egoitzetan. Gaurko deialdira batu dira gainera Comisiones Obreras eta UGT sindikatuak. Guztiek, Gipuzkoako egoitzetarako lan hitzarmen berria eskatzen dute. Hitzarmen zaharra otsailaren 12an agortu zen eta uztailera bitartean akordiorik lortu ezean, Espainiako lan erreforma aplikatuko diete langileei. Horrek, hileko soldatan 400 euroko jaitsiera eta urtean 200 ordu gehiagoz lanean aritu beharra ekarriko luke.

  San Martin egoitzako langileek Gipuzkoako zaharren egoitzetako hitzarmenaren gainetik zuzendaritzarekin adostutako zenbait hobekuntza dituzte. Konbenio berria negoziatzearen inguruan aurrez egin diren mobilizazioetan ez dute parte hartu eta gaur ere normal lanean ari dira.

  Eguneko zentroari dagokionean berriz, bertan diharduten auxiliarrak, Aita Mennik kontratatutakoak dira eta hauei Gipuzkoako hitzarmena aplikatzen bazaie ere, oraingoz behintzat grebarik ez egitea erabaki dute.

  Gipuzkoako zaharren egoitzetako negoziazioa desblokeatze aldera, Gipuzkoako Foru aldundiak 8 milioi eta 200 mila euroko eskaintza egin zuen datozen bi urtetarako langileen soldatak eta baldintzak bermatzeko. ADEGI patronalak hasieran diputazioaren eskaintza atzera bota bazuen ere, atzo egindako bileran, ontzat eman zuen. Adegiko bozeramaleak esan duenez, "negoziazioak desblokeatzeko asmoz" onartu dute proposamena, eta "akordioa" egin ahal izango denaren itxaropena agertu dute.

  Sindikatuek bere aldetik, gaurko deituta zegoen grebarekin jarraitu dute eta Oñatin eraginik izan ez duen arren, Arrasate, Eskoriatza eta Bergarako zahar etxetan zerbitzu minimoak soilik betetzen ari dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!