San Martin egoitzako egoiliarrei Pfizer txertoaren hirugarren dosia jarriko zaie

2021/09/21
Card image cap
Materiala jasotzearen zain daude txertaketari ekiteko

  Hala onartu zuen Osasun Publikoaren Batzordeak pasa den astean, eta Osakidetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak euren bitartekoak antolatu dituzte txertoa lehenbailehen ipintzen hasteko. Diputazioko arduradunek posta elektronikoz jakinarazi diete egoitzetako ordezkariei txertatzeko materiala laster iritsiko zaiela eta bertako profesionalak izango dira egoiliarrak txertatuko dituztenak. San Martin egoitzan zain daude.

  Gipuzkoako Foru Aldundia Osakidetzarekin elkarlanean ari da txertaketa-kanpainaren hasieratik, 2020ko abenduaren 27an egoitzetan abiatu zenetik. Txertoak eta horiek inokulatzeko materiala Osakidetzak eskuratzen ditu, eta egoitzetako erizaintza taldeak arduratzen dira txertoa jartzeaz. Irungo zentroan ekin zioten atzo txertaketa berri honi baina Gipuzkoako gainontzeko egoitzetara zabalduko da egun gutxiren buruan.

  Txertoen eraginkortasuna frogatu da eta pertsona zaurgarrienei hirugarren Pfizer dosia emateko aukera onartu bezain laster txertaketa berria martxan jartzea erabaki da gurean.

  Pfizer etxeko txertoaren dosiak jarriko dira, aurrez halakoak jada jaso dituztenei. Oñatiko San Martin egoitzan gehiengoa dira, 76 egoiliarretatik 73 edo 74, bertako arduradunek adierazi digutenez. Egoiliarrei eta familiei hirugarren dosi hori jarriko zaiela jakinaraziko zaie baina ez da baimen berririk eskatuko, aurrez eman zutenarekin nahikoa baita. San Martin egoitzako egoiliarrak Covid-19aren aurka hobeto babestea da hirugarren txerto dosi hau jartzearen arrazoia.

  Gabonen bueltan lau positibo izan ziren San Martin egoitzan baina berehala atzeman ziren eta erreferentziazko zentroetara eraman ziren gaixotutako egoiliarrak, Covid agerraldia zabaltzea saihestuz. Egoiliarretako bat egun gutxira zendu zen baina beste hirurak osatu eta San Martinera itzuli ziren. Urtarrilaren amaieraz geroztik, San Martin, Covid gabeko egoitza da, eta hala izaten jarraitzea da helburua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!