San Martin egoitza eta Eguneko Zentroa Kabia erakundean txertatzeko hitzarmena sinatu zuten atzo Foru Aldundia eta Udaleko ordezkariek
Maite Peña diputatuak eta Mikel Biain alkateak atzo sinatu zuten Oñatiko egoitza eta eguneko zentroa Kabian sartzeko hitzarmena, nahiz eta, praktikan, urte hasieratik foru erakunderen esku zeuden. Horrela, urrian Osoko Bilkurak eta azaroan Diputatuen Kontseiluak onartutakoa gauzatu zen. Atzo sinatu zen hitzarmenaren haritik, San Martin egoitzan eta eguneko zentroan dauden adineko pertsonen zerbitzua ez ezik, hauek hartzen dituen eraikina bera eta altzariak Foru Aldundiari laga zaizkio. Baita, langileekiko betebeharrak ere.
San Martin egoitza eta eguneko zentroa Kabiara, Foru Aldundiaren kudeaketara pasatzeko prozesu luzea eta konplexua izan da. 2014an erabaki zen udal ardurapekoak ziren zaharren egoitzen kudeaketa Diputazioaren eskura pasatzea, Gizarte Zerbitzuen 2008ko Legeak jasotzen duena beteaz. Hau da, dependentzia dutenei zuzendutako zerbitzuak Aldundiaren esku egon behar direla beteaz. Esku aldaketa pausoz pauso joan da, faseka joan da herri ezberdinetako egoitzak Kabia erakundean integratzea. Oñatikoaren bategitea urtarrilaren 1an gauzatu zen.
2019. honetan zehar Pasaia, Irun, Eibar eta Hernaniko nagusien egoitzak ere Kabian integratzea aurre ikusten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!