San Martin auzoko garaje ugaritan lapurreta egin zuten atzo

2015/06/11
Card image cap
Lapurrak lekua zaintzen ibili zirela eta lapurreta aurrez prestatua zutela uste dute udaltzain eta ertzainek

  San Martin auzoko 20ren bat garajetan lapurreta egin zuten atzo gauean. Garajerako ate nagusia eta garaje partikular ugaritako ateak irekita aurkitu zituen bizilagun batek goizaldera. Udaltzaingoan eta Ertzaintzan abisua emanda, inguruak miatu eta aztarnak jaso ziren. Aztarnak, Ertzaintzak duen datu basean kontrastatuko dira baina hilabete beharko da bide horretatik ezer argitu daitekeen jakin arte. Bitartean, bai Udaltzaingoan eta baita Ertzaintzan ere salaketak jasotzen jarraitzen dute.

  Asko izan ziren San Martin auzoan lapurrek ireki zituzten garajeak eta asko eta garestia baita ere, lapurtu zuten materiala. Eskiak, bizikletak eta bestelakoak eraman zituztela adierazi du udaltzain buruak. Lapurtutako materiala ugaria eta bolumen handikoa izan dela kontutan hartuta, garraiorako, furgoneta edo kamionetaren bat erabili zutela uste da. Horretxegatik, lapurreta, aurrez prestatu zela ondorioztatu da. Eta lapurtutako materialaren ezaugarriak ikusita gainera, lapurrak lekua zaintzen aritu izan direla ere pentsatzen da. Alegia, ez dela, bat-bateko lapurreta izan edo afizionatu batzuen lana. Horretxegatik, garrantzitsua da ertzainek hartu zituzten aztarnek zein argibide ematen duten, antolatutako lapur talde baten lana izan dela uste baita eta gerta litekeelako, horietakoren baten hatz-markak dagoeneko fitxatuta egotea.

  Baina San Martingoak ez dira azken asteotan gurean salatu diren lapurreta bakarrak. Maiatza amaieran, San Lorentzoko denda batzuetan ere lapurretan egin baitzen. Lapurrak, Sustrai fruta dendan eta Patxi oinetakoak dendan sartu ziren eta kutxetan zegoen dirua hartu zuten, Patxi oinetakoak dendatik gainera, materiala ere eraman zuten: petrinak, karterak eta zapatila batzuk. Edozein kaletan erraz saltzen den materiala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!