San Martin auzoko 6. zenbakian dauden babes ofizialeko azken sei etxebizitzak atzo arratsaldean zozkatu ziren.

2013/06/25
Esleipena lortu duten sei lagunek udaletxeko hirigintza departamentutik pasa beharko dute dagokien dokumentazioa jasotzera.

  Jende gutxi hurbildu zen udaletxeko areto nagusira, zozketa bertatik bertara ikustera. 8-10 lagun besterik ez. Kontu egin behar da 69 lagunek parte hartzen zutela San Martingo etxeen esleipen zozketan. Eta zorteko gertatu ziren sei lagunetatik inor ez zen aretoan. Horretxegatik, gertu zegoen dokumentazioa banatu gabe geratu zen.

  Gaur goizean zehar, sei esleipendunekin harremanetan jartzen saiatu dira gaiaz arduratzen diren udal teknikariak eta etxea egokitu zaiela jakinaraztearekin batera dokumentazioaren bila joateko esan diete. Bakoitzari banatuko zaion sobrean, egokitu zaion etxebizitzari buruzko informazioa eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren berri ematen da. Guzti hori jasotzera, udaleko hirigintza departamentura joan beharko dute. Behin sobrea jasota, 15 eguneko epea izango dute eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu edo etxeari errenuntzia egiteko. Kasu horretan, itxaron zerrendan dagoen lehenari eskainiko zaio.

  Izan ere, bi zozketa egin baitziren atzo arratsaldean udaletxeko pleno aretoan. Lehenengoan, esleitzeko zeuden babes ofizialeko 6 etxebizitzak zozkatu ziren eta ondoren, gainontzeko 63 eskatzaileen artean bigarren zozketa bat egin zen itxaron zerrendako ordena zehazteko. Bi zerrendak ikusgai jarri dira udaletxeko iragarki taulan. 

  Atzokoa, denboraldi luze batean herrian egingo den babes ofizialeko etxebizitzen azken zozketa izan zen.    

Iturria: Oñati irratia


Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!