San Lorentzoko atez atekako informazio bulego berria gaur goizean ireki da.

2013/01/07
Udaberrian indarrean sartuko den hondakin bilketa sistema berriaren inguruko zalantzak argitzea da bulegoko langileen helburua.

  San Lorentzo auzuneko 10ean egokitu den informazio bulegoa, pasa den urrian kale zaharrean ireki zenak eskaintzen duen zerbitzua osatzera dator. Bietan, atez atekoaren inguruan herritarrek dituzten kezkak argitzen saiatuko dira hartarako, mankomunitateak kontratatu zituen informatzaileak.

  Orain arte, informazio-ematea herriko sektore ekonomiko konkretuei zuzendu da: merkatari, ostalari eta autonomo nahiz enpresetako arduradunei. Bakoitzak dituen beharrak aztertu dira eta atez atekoa nola gauzatu azaldu zaie.

  Orain, San Lorentzoko bulego berria irekitzearekin batera, herritarren informazio beharra osatu nahi da. Bereziki atez atekoaren inguruko partehartze prozesua abian jartzeko puntuan denean. Pasa den astean aurreratu genizuenez, hondakinak batzeko sistema berriaren inguruko xehetasunak herritarrekin zehazteko bi bilera erronda egingo dira urtarrila eta otsailean zehar. Atari edo portaletako ordezkariekin egingo diren bilera hauetan, batze puntuak, ordutegiak, egutegiak eta abar zehaztuko dira. Urtarrilean zehar, udalak landutako proposamenak aurkeztuko dira eta 15 eguneko tartearen ondoren, bizilagunen ekarpenak jasoko dira. Baina bilerak egiten diren aldi berean, argibideren bat behar duen herritarrak, atez atekako informazio bulegora jo ahal izango du.

  San Lorentzon, Artxubi tabernaren ondoan gaur ireki den bulegoak, kale zaharrekoak duen ordutegi eta egutegi berbera izango du, hau da, astelehenetik ostegunera, goizeko 10etatik ordu bietara eta arratsaldeko 3etatik 7etara eta ostiraletan, 10etatik ordu bietara. Lau dira, bi bulegoetan eta txandaka, herritarrei argibideak ematen lanean ari diren informatzaileak. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!