Oñatiko udala

San Lorentzo auzoko plazetako argiteria berrituko da

2019/01/21
Card image cap
Irisgarritasun lanak egin zirenean osatu zen proiektua berritu eta inguruko beharretara egokitu da

  Faseka egiten ari dira San Lorentzo auzoa irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanak. Auzoak duen desnibelari aurre egiteko erdialdeko plazoletak igogailu bidez lotu ziren eta plaza horietako zoladura aldatuaz joan da azken urteotan, beste hainbat lanen artean. Baina plazetako argiteria berritu gabe dago, nagusiki, lan horietarako behar den ibilgailua oso pisutsua delako eta plazen forjatuak kaltetu ditzakeelako. 2013an egin zen proiektua beraz, osatu gabe dago. Orain, beste ibilgailu arinago bat lokalizatu da argiteria lanok egiteko eta gobernu taldeak egitasmoa berriro eskuartean hartu du. Orain 5 urteko proiektua berritu eta egokitu da.

  Egun plazak argitzen dituzten sodio lurrunezko 250 W.ko luminarien ordez, LED motako 16 luminaria jartzea aurreikusten da. Argi puntu hauek inguruko eraikinetako fatxadetan jarriko dira baina egun daudenak baino pitin bat beherago, mantentze lanak errazteko. Bide batez, inguruko eraikin horietako aterpeetan dauden 55 sabai argiak ere aldatuko dira eta LED erakoak jarriko dira. Lanok 10.915 €ko aurrekontua dute (BEZ kanpo), orain bost urte egin zen proiektuaren aurrekontua baino ia 14.000 € merkeago.

  San Lorentzo auzoko plazetan argiteria berritzeko lanok, udalak egingo ditu. Datozen hilabeteetan egitea aurreikusten da baina Etxaluzeko parkeko argiteria berritu ondoren, lan hau ere udalak egingo baitu.  Oso aurreratuta daude Etxaluze parkeko urbanizazio lanak eta horien baitan argiteria berrituko da. Azken Tokiko Gobernu Batzarrean aurrekontua onartu zen. Etxaluzen egun dauden 150 W.ko luminarien ordez, LED motako 15 luminaria jarriko dira. Argi puntu hauek 5 metroko zutoinetan jarriko dira. Lanok 9.821 euroko aurrekontua dute, BEZik gabe.  Etxaluzeko lanek lehentasuna dute eta urbanizazio lanak osatzeko datozen asteotan egingo dira. Ondoren, San Lorentzoko plazetako argiteria berritzeko lanak egingo dira. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!