San Juan bezperako ospakizuna erromeria batez osatuko da aurten.

2012/06/19
Card image cap
Aspaldiko partez, sua plazan egingo da berriro. Iaz hasitako bideari jarraituz, udalak, herriko hainbat talderekin elkar lanean antolatu duen ospakizuna izango da.

  Konkretuki, Lizargarate trikitixa elkartea, Oñatz dantza taldea eta herriko ikastetxeak dira Euskal Herrian hain esanguratsua den San Juan bezperako jaia antolatu eta gauzatzen lagunduko dutenak.

  Urteetan ardura hori Laixan euskara elkarteak hartu eta gero, elkartea desagertzearekin batera Olaiturrin egiten zen ospakizuna bertan behera utzi zen. Urte bateko etenaren ondoren, iaz, Korpus jai inguruan tokatu zen eta Oñatz dantza taldeak herriko ikastetxeetako guraso batzuekin elkarlanean, San Juan suaren tradizioa berreskuratu zuen.

  Aurten, jaia gehiago jantziko da eta suaren aurretik eta ondoren erromeria izango da Atzeko kalean. San Juan bezpera zapatua izateak mesede egingo du.

  Antolakuntza ari den taldeak, San Juan sua Olaiturritik plazara aldatzea eskatu zuen eta udal gobernu taldeak hala egitea onartu. Horretarako noski, plazako zorua bereziki babestuko da eta Olaiturriko jolasgunean egiten zen bezala, hemen ere lurra estaltzeko area bota eta xaflak jarriko dira egurraren azpian.

  Udala arduratuko da egur hori ekarri eta bestelako segurtasun eta garbitasun lanetaz, besteak beste, ur hartunea prestatu eta mangera bat jartzeaz.

  Zapatuko ospakizuna eta girotzea arratsaldeko 7retan hasiko da. Ordu horretan eta atzeko kalean muntatuko den eszenatokian, herriko hainbat trikitilarik eguneko erromeriaren lehen zatia abiaraziko dute. 9ak arte luzatuko da eta afaltzeko tartetxo baten ondoren, jaiak, plazan jarraituko du. Behin ilunduta, 10 eta erdietan San Juan sua ixutuko da eta Oñatz dantza taldeak suaren inguruan, San Juan zortzikoa eta beste dantza batzuk egingo ditu eta. Ondoren, ospakizuna Atzeko kalean hasiko da berriro erromeriaren bigarren zatiarekin.
Udalak, aipatu materiala jartzeaz gain 450 euroko diru laguntza emango du.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!