San Joan suak arretaz zaindu eta ondo itzali direla ziurtatzeko gomendioa eman du udalak

2017/06/23
Card image cap
Foru aldundiak ere ardura eskatu du

  Azken egunotako tenperatura altuek eta lehorteak sua zabaltzeko arriskua areagotu dutela eta, San Joan suak hurbiletik zaindu eta ondo itzali direla ziurtatzeko gomendatu du udalak. Zentzu berean oharra zabaldu du foru aldundiak, hainbat aholku zehaztuz: suaren ingurua garbi mantentzea, zabaldu ez dadin; surik ez piztea ibilgailuak, eraikinak, beirateak, gas hodiak, linea elektrikoak, edukiontziak, edota landaredia dagoen lekuetatik gertu; sua ixuketako likido sukoirik ez erabili eta ekidin baita ere, ehunak, plastiko birutak edo konfetiak erabiltzea, haizeak mugitu baititzake eta ez bota sura piroteknia objeturik eta hurbil ere ez eduki spray, ontzi. lata, neumatiko, zabor edo plastikorik ere, ke toxikoa sortu baitezakete. Suan ez pilatu 4 metrotik gorako materialik eta prebentzio neurri gisa prest eduki su itzalgailu edo ur mangeraren bat. Sua gainbegiratzen pertsona heldu bat egon dadila ere gomendatzen da. Hala, jaia bukatzean, txingarrik edo hausberorik geratu ez dela egiaztatu, ura, harea edo lurra gainera boteaz. Ezbehar edo larrialdirik izanez gero, 112 telefonora deitzea gogorarazten du foru erakundeak herritarrei zuzendutako oharrean.

  Udalak eta ikastetxeek elkarlanean antolatu duten San Joan sua plazan piztuko da 22:30tan. Zorua babesteko hondarra eta plantxak jarri dira jada. Baina udaltzaingoko hainbat lagun adi egongo dira sua guztiz amatatu arte. Ikastetxeei ere arduradun batzuk izendatzea eskatu zaie prestaketa eta segurtasun lanak egin ditzaten. San Joanak ospatzen dituzten Garagaltza auzoan ere sua piztuko da ilunkaran. Baina ohiturari jarraituz beste auzune eta baserritan ere sua piztuko da gaur, kontu handiz eta arretaz zaintzeko gomendioa eman du udalak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!