Salgai daude jada abuztu amaieran ospatuko den Lizargarateko eguneko bazkari txartelak.

2012/07/18
Aurten, kuadrilen arteko herri kirolak egingo dira lehen aldiz. Horretarako izen ematea ere zabalik dago.

  Lizargarate trikitizale elkarteak, Lizargarate elkartearekin batera eta udalaren laguntzaz martxan dute Lizargarateko Egunaren antolakuntza. Ohiturari jarraituz, abuztu amaieran izango da jaia, abuztuaren 26an, hain zuzen ere.

  Lagun arteko giroa eta trikitia dira Lizargarateko eguneko osagai nagusiak. Hala, abuztuko azken domekan eta goizean goizetik, trikiti doinuak ez dira faltako Lizargarate inguruan. Baina aurten, nobedade moduan, kuadrilen arteko herri kirolak ere antolatu dituzte. Dagoeneko lehen lagun taldeek parte hartzeko asmoa dutela adierazi digu antolatzaileetako batek, baina izena emateko aukera bada oraindik, abuztuaren 19an amaituko baita horretarako epea.

  Era berean, abuztuaren 19ra arte ere izango da Lizargarateko egunaren baitan antolatu den bazkarirako txartelak eskuratzeko aukera. Abuztuaren 19ra arte, baldin eta txartelak aurrez agortzen ez badira. 140 bazkari txartel jarri dira salgai, 20 euroren truke Urbia eta Umerez tabernetan eta Lizargaraten bertan.

  Hilabete pasa falta da oraindik Lizargarateko Eguna iritsi dadin, baina tartean, askorentzat oporrak izango direnez, antolatzaileek, txartelen salmenta eta herri kiroletako partaidetzarako izen ematea martxan jarri dute jada.

  Lizargarate inguruan halako jai egun bat ospatzea aspaldiko tradizioa da. Urteetan galduta egon zen arren, Lizargarate trikitizale elkarteak berreskuratu zuen eta halaxe egiten jarraitzen dute.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!