Saioa Varela Crespo oñatiarrak irabazi du Asun Casasola ipuin lehiaketa

2021/03/10
Card image cap
Sari banaketa ekitaldia bihar egingo da Irunen

  Inoizko partaidetzarik handiena izan du aurten Asun Casasola ipuin lehiaketak. 537 lan jaso dira, horietako 364, 16 urtetik gorakoen helduen kategorian, eta maila horretan euskaraz aurkeztutako ipuinen artean Saioa Varela Crespo oñatiarrak idatzitako Azken erabakia hautatu du epaimahaiak.

  Askeak, ez ausartak zen gaia eta berdintasunaren aldeko jendartea bultzatu eta genero indarkeria baztertzea zuen helburu. Epaimahaiak bereziki baloratu ditu indarkeria matxistaren aurkako borroka ikuspuntu positibo batetik islatu duten ipuinak. Euskarazko ipuinen epaimahaia, Yurre Ugarte idazleak eta Ainara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain kazetariek osatu dute.  

  Helduen kategoriako irabazleek 300 euroko saria jasoko dute eta gazteen kategoriakoek 100 eurokoa. Gainera, Katakrak liburu-dendako 50 euroko opari bono bana eskuratuko dute. Sari banaketa ekitaldia bihar arratsaldean, 19:00tan egingo da Irungo Oiasso Museoan. Ekitaldian saritutako ipuinak irakurriko dira eta irabazleak, epaimahaikideak eta Asun Casasola bera bertan izango dira.

  Asun Casasola ipuin lehiaketako 6. aldia izan da aurtengoa eta 16 urtetik gorako helduen kategorian, Saioa Varelarekin batera, Miguel Paz Cabanas leondarra saritu dute, gaztelerazko ipuinetan. 16 urtetik beherako gazteen kategorian berriz, euskarazko saria Oihana Fernandez de Larrinoa alkizarrak eskuratu du eta gaztelerazkoa Kolonbiako Cali hiriko Maria Jose Garcia Florezek.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!