Saihesbidetik herri gunera doan hilerri azpiko sarrera itxi egingo da bihar goizean, asfaltatze lanak direla eta

2020/01/14
Card image cap
Herrirako sarrera aldapa asfaltatuko da

  Belatxara gasolindegia pasatu eta erdigunera doan sarrera aldapa da bihar goizean itxiko dena, hilerri azpiko sarrera, alegia. Aldapan dagoen bide zatia asfaltatuko da, GI-2630 errepidearekin bat egiten duen lekutik Urrutxu azpiko bidegurutzera bitarteko zatia. Asfaltatze lanak goizean zehar egingo dira eta ondorioz, aipatu sarrera 8:00tan itxi eta goiz osoan zehar hala mantenduko da.

  Autoek Jaumendiko errotondaraino joan beharko dute eta bertatik herrigunera sartu, edo errotondari itzulia eginez, norabidez aldatu eta Etxebarrialde baserri ondoko sarbidea hartu. Aukera hau bereziki gomendatzen da Garagaltza auzora, Ulma Handling-era edota unibertsitate etorbidetik sartu nahi duten gidarientzat. Elorregi aldetik datozen autobusak ere Jaumendin bira eginda sartuko dira Postetxeko geltokira.

  Ez da hori ordea, datozen egunetarako aurreikusten den trafiko afekzio bakarra gurean. Gipuzkoako Urak enpresa lanean ari da Roke Azkune etxalde ondoan, eta ondorioz, errepidea estutu egingo da Aita Lizarralde kalearen parean. Arantzazuko Ama kaleko biribilgune inguruan hasi ziren lanok hilabete, hilabete eta erdiz luzatuko dira, eta epe berean estutuko da errepidea. Bidea semaforoz kontrolatuko da. Baina auto ilara luzeak eta arazoak sortzen direla ikusiz gero, Kalegoiena pareko hainbat aparkaleku kendu eta trafikoa bertatik bideratzeko asmoa dago. Hori dena den, gerora hartu daitekeen irtenbidea da. Hasteko, eta bihar-etzitik aurrera, GI2630 errepidea Aita Lizarralde kalean estutu egingo da eta trafikoa semaforoz bideratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!