Saihesbidean zirkulazioa erregulatzeko jarri zen semaforoa asteazkenerako kenduko da.

2012/06/28
Datorren aste hasieran, errepidea konpondu eta lehengo baldintzetara egokitzeko lanak egingo dira.

  Torreauzo eta Otadui zuhaiztia elkar lotuko dituen bidegorria saihesbide azpitik egokitu behar zela eta, zulatze eta egonkortze lanak egin diren bitartean, barianteko zirkulazioa kontrolatu behar izan da. Inguruan, trafikoa errail bakarretik bideratu da eta hori ahalbidetzeko aldikako pasoa ematen zuten semaforoak kokatu ziren bertan. Horrek, lanerako sarrera irteera orduetan bereziki auto ilara luzeak sortu ditu eta baten baino gehiagoren haserrea ere bai.

  Egoera, hainbat astetan luzatu da baina esan genezake dagoeneko amaitzear dagoela, datorren asteazkenerako semaforoak kenduko dituztela esan baitigu udaltzain buruak.

  Hori egin aurretik, dena den, ingurua, lehen zegoen bezala utzi behar da. Hau da, zenbait lekutan bota zen asfaltoa kendu beharko da eta denboraren poderioz sortu diren zuloak estali beharko dira. Egokitze eta lehenetara bueltatzeko lan hauek astelehen eta astearte bitartean egin asmo dira, asteazkenerako, semaforoak kendu edo zirkulazioa bi errailetatik bideratuz berriro.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!