Sahararen aldeko elkarretaratzea deitu da larunbat eguerdirako plazan

2021/02/23
Card image cap
Otsailaren 27an 45 urte beteko dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela

  Saharar herrialdeak egoera berezia bizi duen garaian gogoratuko da errepublika moduan aldarrikatu zeneko 45. urteurrena, gerra hotsen artean eta Marokoren aldetik errepresioa areagotu den unean, hain zuzen.

  Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zen 1976ko otsailaren 26ra arte. Egun horretan irten zen Espainiako azken soldatua eta biharamunean aldarrikatu zen Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa, zapatuan 45 urte beteko dira. Urteurrena gerra hots eta errepresio salaketen artean dator, izan ere, Marokok Guerteguerat-eko muga pasabidea eskuratzeko ahalegina egin zuen eta Frente Polisarioak eraso militartzat jo zuen, gerrarako deia zabalduz. Aldi berean, okupatutako lurraldean diharduten aktibista sahararrekiko errepresioa areagotu egin du Marokon, bereziki emakumeen aurka gogor jo duelarik. Sultana Jaya aktibista da indarkeria horren adibidea, Alicanten bizi da baina azaroan itzuli zen Bojador jaioterrira eta orain egun gutxi dela ostikoka eta harrika gogorki jipoitu zuten bera eta ahizpa. Jayaren ubeldutako aurpegiaren irudiak munduko hedabideetan argitaratu dira.

  Saharar herrialdeak bizi duen errepresioa salatu, konponbidea aldarrikatu eta Sahararen askatasunaren aldeko borroka berresteko elkarretaratzea deitu da larunbatean plazan. 12:00tan izango da.      

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!