Saharako haur eta nerabeentzat neguko arropa biltzeko proiektua arrakastaz itxi du Hotz Oñati taldeak
Herritarren erantzuna ezin hobea izan dela azpimarratu dute Hotz Oñati taldeko kideek. Neguko arropaz betetako 14 kaxa eramango dira Oñatitik Bubisher elkartearen biltegira, Saharako kanpamenduetara bidali ditzaten. Uda Euskal Herrian pasako luketen baina aurten etortzerik izan ez duten haur eta gaztetxoentzat 300 maleta bete arropa prestatzea zen helburua eta lortu da. Hasieran, urriaren 10a arteko epea jarri zen arropa jaso eta prestatzeko, baina behar zena dagoeneko batu dutela adierazi dute Hotz Oñati taldeko kideek. Bubisher elkarteko biltegia gainezka ei dago. Ondorioz, Sahararako arropa gehiagorik ez dutela jasoko jakinarazi dute.
Arropaz gain, material higienikoa (maskarak, eskularruak, gel hidroalkoholikoak), parazetamol eta ibuprofenoa nahiz eskola materiala eskatu zen eta halakoak hartzen jarraituko dute Hotz Oñati taldekoek. Material hori Saharan ez ezik beste leku askotan ere behar baita. Halako materiala eman nahi dutenak Hermansoloñak kale Zaharrean duen lokalera jo dezake, astelehenetik ostiralera 11:00tatik 12:00tara edo 18:00tatik 19:00tara.
Beste behin erakutsitako eskuzabaltasuna publikoki eskertu nahi du Hotz Oñati taldeak. Saharako proiektua egoki burutu eta itxita, Lesbosen diharduten gobernuz kanpoko erakundeentzako diru bilketa kanpainan buru belarri murgilduta jarraituko du Hotz Oñati taldeak. Lagundu laguntzen lelopean herritarren diru ekarpenak jasotzen ari dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!