Ramon Irizar kaleko plaza eraberritzeko lanen lizitazioa hasteko, baldintzen zerrenda onartzea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.
Ramon Irizarreko plaza guztiz berritzea aurre ikusten da. Egun bertan dagoen jolas parkea kenduko da eta atseden-aisialdi gune bihurtuko da. Horretarako, plaza beraren egungo egitura guztiz aldatuko da: plazaren erdian pasabide bat egokituko da eta aldamenetan berdeguneak eta egonlekuak. Gainera, Atzeko kalearekin bat egiten duen lekuan, egurrezko plataforma luze bat egokituko da, jarleku, jolasgune edo inprobisatutako eskenatoki gisa erabili ahal izango dena.
Bidebarrieta eta herri gune historikoa lotuko dituen plaza atsegin eta erosoa izatea lortu nahi da.
Itziar Zelaia arkitektoak osatu duen proiektuak, 120 mila euro pasatxoko aurrekontua du. Baina lanak esleitzerakoan, merkeago egiteko aukera izango da. Dena den, lizitazioa hasteko, lanak egiteko baldintza zerrenda osatu da eta horixe onartzea proposatuko da gaurko tokiko gobernu batzarrean.
Udalak, eta herriko ikastetxeek elkarlanean osatu duten eskola agendaren inguruko argibideak ere emango dira. 2014-2015 ikasturterako agendak, iazkoaren bidetik jarraituz, herriko pertsonaia ezagunen inguruko argibideak jasoko ditu. Irudiak, Javier Erostarbek sortu ditu oraingoan, eta testuak, oñatieraz moldatu dira. 1.100 ale argitaratu asmo dira eta hauek, 6 eta 18 urte bitarteko ikasleen artean banatuko dira ikasturte hasieran.
Aipatutakoan, gaurko lan zerrendan jaso diren gaietako bi dira baina beste 34 ere aztertzekoak dira. Tartean, Mikel Aozaratza kaleko argiteria berritzea, Araotz eskalada eskola berrekipatzeko proposamena edota abuztu hasieran San Lorentzo auzoko jaixak ospatzeko baimena eskaera.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!