Oñatiko udala

Q sukarraren inguruko hainbat prebentzio aholku zabaldu ditu udalak.

2014/06/19
Osasun Sailburuak eskatuta, pertsonak gaixotzen dituen Q sukarraren aurkako prebentzio neurrien berri ematen duen idatzia auzo alkateei helarazi zaie.

  Q sukarra COXIELLA BURNETII bakterioak sortzen duen gaixotasuna da. Bakterio hau behi, ardi eta ahuntzetan egon ohi da. Pertsonak, airez garraiatutako bakterioen bidez kutsatzen dira.

  Infektatutako animali gehienek ez dute sintomarik agertzen  baina gaixotasun eramaile dira eta horien gorpuzkinak erabiltzen dituzten edo kutsatutako hautsa arnasten duten pertsonak gaixotu daitezke.

  Udaberri hasieran, halako kasuak gertatu ziren Bizkaiko zaborrak prozesatu eta bereizten diren Tratamendu mekaniko-biologikorako instalazioko langileen artean. Ikerketa eginda, hiri hondakin solidoen artean ardi edo ahuntz gorpuzkinak zeudenaren hipotesia nagusitu zen. Eta gaixotasuna horien bitartez kutsatu zela.

  Osasun sailaren idatzian garbi utzi nahi da behiak, ardiak eta ahuntzak hiltegietan hil behar direla eta norberak kontsumitzeko bada ere, ezin direla etxean, baserrian hil. Hiltegiak, animalia, errai edo ehun kutsatuak behar bezala ezabatzeko sistemak dituzten instalazioak baitira. Animalien hondakinek, Q sukarra ez ezik, salmonelosia, listeriosia, teniasia eta beste gaixotasun batzuk kutsatu baititzakete.

  Gaixotasun ezagunak diren arren prebentzio neurriak jakinaraztea eskatu zion Jon Darpon osasun sailburuak udalari eta halaxe egin da idatzia, auzo alkateei bidalita.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!