Oñatiko udala

Putzu handia eta garajeetara ura sartzea eragin zuen atzoko ekaitzak Roke Azkune kale inguruan

2019/04/16
Card image cap
Errepidea moztu behar izan zen

  17:20tan lehertu zuen ekaitzak eta 10 minututan ia 8 litro metro karratu ur bota zituen. Ordubeteko tartean berriz, ia 18 litro pilatu ziren gurean. Bat-bateko euri zaparradak erreka modukoak sortu zituen eta Arantzazuko ama kaletik eta San Martingo zuhaiztitik behera zetorren urak putzu handia sortu zuen Roke Azkune kale aurrealdean. Errepidea une batez moztu beharra izan zen. Inguruko sei arketa zabaldu ziren, pilatutako ura bideratzeko, baina horrek ez zuen eragotzi bertan dagoen garajera ura sartzea. Garaje barruan 10 bat zentimetro arteko altura hartu zuen urak, bizilagun batek adierazi duenez. Halako ur zaparradak gertatzen direnean behin eta berriz errepikatzen den egoera da eta Roke Azkune kaleko garaje-jabeek sarritan salatu dute.

  Ekaitzak eragindako zaparradarik handiena atzo arratsaldeko 17:30ak inguruan gertatu bazen ere, ez zen bakarra izan. Beranduago, 18:45 inguruan, Ertzaintzak beste intzidentzia baten berri eman zion Udaltzaingoari; Bidaurretako monasterio inguruan ur kanalizazioa apurtuta-edo zegoenaren berri eman zion. Udaltzainak bertaratu ziren baina ez zuten aparteko ezer ikusi. Dena den, jasotako abisuaren berri udaleko Zerbitzuak departamentuari eman zaio, aztertu eta arazorik bada, konpondu dezan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!