Oñatiko udala

Puntaik Punta Bidezidorren Jaialdia Oñatin izango da apirilaren 21etik 23ra

2023/03/09
Card image cap
Aloñako igoerako antolatzaileekin elkarlanean ari dira

  7. Puntaik Punta jaialdia berezia izango da, eskualdeko herri bakarrean, Oñatin, zentratuko delako. Aurreko aldietan jaialdia bailara ikuspegitik antolatu eta ospatu zen eta ekintza nagusiak herri batean egiten ziren arren, Debagoieneko gainontzeko herrietan irteera eta bisitak antolatzen ziren. Puntaik Punta Debagoieneko bidezidorren jaialdia zen. Aurten, eta proba moduan, herri bateko natura eta kultur baliabideak balioan jarriko dira, Euskal Herriko bisitariak, eta bereziki eskualdekoak, bertaratzera gonbidatuz.

  Oñatiko Puntaik Punta jaialdian kirolak ere esangura berezia izango du, Aloñako igoera jokatuko den asteburu berean ospatuko baita. Igoeraren antolatzaileekin elkarlanean ari dira, sinergiak batu eta igande goizeko ekintzak Aloñako lasterketan zentratzeko. Baina ospakizunak ostiralean hasiko dira, apirilaren 21ean, eta 23ra arte luzatuko dira. Egitaraua osatzen ari dira, Oñati eta Debagoieneko turismo zerbitzuak elkarlanean, eta astean teknikoek bilera egin dute programaketa hori zehazteko. Herriko baliabide eta aukera turistiko guztiak bildu nahi dira, Puntaik Punta Oñatik eskaintzen duenaren erakusleiho bihurtuz.

  Baina 7. Puntaik Punta jaialdiak ez du eskualde ikuspegia guztiz baztertuko eta une honetan lantzen ari den bailara mailako produktu bat aurkezteko leku izango da; Debagoienari buelta emateko PR bat prestatzen ari dira, bailarako herrien artean egun dauden ibilbide ezberdinak batuz.

  Puntaik Punta Debagoieneko bidezidorren jaialdia 2016an abiatu zuen Mankomunitateak. Lehen jaialdi hark Debagoiena eskualdearen irudia Euskal Herrian zehar zabaltzea izan zuen helburu eta eskualdeko turismo eta kultur eskaintza bildu zuen, baina ekintza nagusiak Leintz Gatzagan egin ziren. Ondoren, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza, Antzuola eta Arrasateko Puntaik Punta jaialdiak etorri ziren. Aurten, apirilaren 21etik 23ra Oñatin ospatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!