Publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiliko da Araotzeko eskola ostatu bihurtzeko lanak esleitzeko

2019/04/16
Card image cap
Baldintzak biharko Tokiko Gobernu Batzarrean onartzea espero da

  Araotzen ostatua egokitzeko lanak ohiko prozedura irekiz esleitzeko deialdia bertan behera utzi zen, ez baitzen eskaintzarik jaso. Egoera horren aurrean bi aukera aztertu ziren: hasierako baldintzak aldatu eta prozedura irekia deitu berriro edo hasierako baldintzak mantendu eta publizitaterik gabeko prozedura negoziatua abian jarri. Lehen aukerak lanetarako aurrekontua jasotzea ekarriko luke. Obraren finantziazioan parte hartzen duen Araotzeko auzoak egin beharreko diru ekarpenak esfortzu handia suposatuko diela kontuan hartuta, lanen aurrekontua bere horretan mantentzea erabaki zuen gobernu batzordeak, eta ondorioz, lanen esleipenerako publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidea hartzea erabaki zen. Hau da, hainbat enpresa zuzenean gonbidatuko dira esleipen prozesuan parte hartzera, eta aurrez iragarri zen aurrekontuaren muga kontuan hartuta, beren eskaintza ekonomikoa aurkeztea eskatuko zaie.

  Prozedura zuzen honen baldintzak aste honetako Tokiko Gobernu Batzarrean aztertuko dira eta okerrik ezean, onartzea espero da. Lanak esleitzeko otsailean abiatu zen lehen prozesuan zehaztu zen aurrekontua 298.500 euro izan zen eta obra sei hilabeteko epean egitea aurreikusi zen. Pentsatzekoa da, oraingo prozedura negoziatuan muga ekonomiko eta tenporala bere horretan mantenduko direla. Baina erabakia, esan bezala, bihar eguerdian egingo den Tokiko Gobernu Batzarrean hartuko da.

  Araotzeko neska-eskola ostatu gisa egokitzeko lehen faseko lanak kontratatu nahi dira. Araotzeko eskola balio anitzeko ostatu gisa egokitzeko lanen fase honetan, oinarrizko lanak egingo dira eraikinaren kanpoalde zein barrualdean: eraikinaren kanpoko urbanizazio lanak egingo dira eta eraikinaren inguratzaile osoaren isolamendu lanak burutuko dira; barrualdean, tarteko solairu berria eraiki eta eskailerak egiteaz gain, barruko banaketak egin eta beheko solairua eraiki eta birgaitu beharko da. Beti ere, Koldo Etxegarai arkitektoak idatzitako exekuzio proiektua oinarri delarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!