Provenzako nazioarteko abesbatzen lehiaketan parte hartzera doa Ganbara abesbatza
Goizean abiatu dira Marseilla hirirantz Ganbara abesbatzako kideak. Asteburu bizia izango dute Provenzako nazioarteko abesbatzen lehiaketan, bihartik domekara bitartean lau kategoriatan parte hartuko baitute: koro mixtoen atalean bihar goizean eta talde bokaletan arratsaldean, folklore kategorian, larunbat arratsaldean, eta musika sakro sailean, igande arratsaldean. Igande gauean izango da sari banaketa ekitaldia eta astelehen goizean ekingo diote itzulerako bidaiari oñatiarrek.
Guztira, ia ordubeteko kantaldia prestatu dute Ganbara abesbatzako kideek, 11 eta 15 minutu arteko lau saiotan banatuta, eta parte hartuko duten kategoria bakoitzera egokitzen den autore eta garaiko musika bilduz. Nazioarteko konposatzaileen lanak eskainiko dituzte talde mixto, bokal eta musika sakro kategoriatan, eta folklore sailean berriz, hiru euskal musikariren lanak aukeratu dituzte, tartean, Lau teilatu abesti ezagunaren moldaketa.
Provenzako nazioarteko abesbatzen lehiaketa handia da, munduko bazter ezberdinetako 37 taldek parte hartuko dute, haur, gazte nahiz helduak kontutan hartuta. Aipagarria da Oñatiko Ganbara abesbatzarekin batera, beste euskaldun batzuk lehiatuko direla, Errenteriako Landarbaso abesbatza, hain zuzen ere. Saritan 10.000 euro baino gehiago banatzen dira eta kategoria bakoitzeko abesbatzak ez ezik, zuzendariak ere saritzen dira.
Ganbara abesbatzak Bulgariako Varnako nazioarteko lehiaketan parte hartzeko asmoa zuen, baina pandemiaren eraginez bertan behera utzi da aurten, eta Frantziako Provenza eskualdeko lehiaketara joatea erabaki dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!