Prestaketa lanek astebetez atzeratu dute Bakardadeko Ama kalea trafikora ixtea

2018/03/16
Card image cap
Datorren astelehenean, asteartean beranduenera, kalea 8:00tatik 18:00tara itxiko da

  Gipuzkoako Urak enpresak ur hoditeria aldatzeko lanak egingo ditu. Aurrez, astean zehar, katak egin dituzte eta langileen kasetak ONCE kabina ondoan jarri dituzte. Horretarako TAO aparkalekuak okupatu dituzte eta ez daude erabilgarri. Gainera, Maibi denda aurrealdean dagoen isletari zati bat kendu diote biribilgune bihurtuz, Errekaldetik edo Euskadi etorbidetik doazen ibilgailuek bertan buelta hartu eta Euskadi etorbidera berriro bideratzeko. Bide batez, behin behineko trafiko seinaleak ere prestatu dira. Guzti horrek astelehenerako iragarri zen kale mozketa atzeratzea eragin du. Baina datorren astelehen honetan, asteartean beranduenera, Bakardadeko Ama kalea zulatzen hasiko dira eta ondorioz, trafikorako itxi egingo da astelehenetik ostiralera 8:00tatik 18:00tara. Langileen jarduna amaitzear dagoenean errepidean zulatutako zangak txapa bidez estaliko dira eta kalea ibilgailuentzat irekiko da hurrengo goizeko 8:00ak arte. Trafiko mozketa honek Herribusari eragingo dio, Ugarkarde-Errekalde- Kasablanka lineari hain zuzen ere. Obrak dirauten bitartean ibilbide alternatiboa osatuko baitu erdigunean.

  Bakardadeko Ama kaleko lanok bi fase izango dituzte trafikoari dagokionean: hasierako fasea Urtxin loradendatik Aker taberna pareraino  egingo dira eta kalea tarte horretan itxiko da; ondoren, Aker paretik Txaketua pareraino egingo dira. Bigarren fase horrek trafikoan izango duen eragina eta ondorioak aurrerago jakinaraziko dira.

  Gipuzkoako Urak enpresak Bakardadeko Ama kalean egingo dituen lan hauek bi hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da. Astelehenean edo asteartetik aurrera jada aipatu trafiko mozketa gauzatuko da eta kalea egunero, 8:00tatik 18:00tara ibilgailuentzat itxita egongo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!