Oñatiko udala

Presoen aldeko IbilBIDEA antolatu du Sarek larunbat eguerdirako

2020/11/19
Card image cap
Korrika eredu hartuz, Izan Bideako gezia eskuz esku eramango da

  Plazatik abiatuta Olakua-Bidebarrieta-Osasun zentroa eta plazaraino bueltatuko den KORRIKA berezia antolatu du Oñatiko Sare larunbaterako, Izan Bidea dinamikaren baitan. Kanpainaren ikurra den gezia eskuz esku eramango dute kolektibo ezberdinetako ordezkariek, presoen eskubideen aldeko atxikimendua agertuz. IbilBIDEAk hiru geldiune egingo ditu Olakuako dorrean, Errementari plazan eta anbulatorio parean. Lehenengo tartean gazte/helduek eramango dute gezi-lekukoa, ondoren haur/nerabeek hartuko dute eta gurasoen laguntzan osatuko dute bidea eta azkenik, nagusiek hartuko dute lekukoa eta anbulatoriotik plazarainoko azken tartea oinez egingo da. Aurrekoak korrika, bizikletan edo patinetean osatzeko gonbidapena egiten du Sarek.

  Sarek udaberrian abian jarri zuen dinamika da Izan bidea; euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eta kilometroak egitean datza, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatuz.

  Ekimena ekainean iritsi zen Oñatira eta Foruen enparantzan elkartu eta hainbat talde edo zutabetan oinez, bizikletaz, korrika eta patinez, herritik itzulitxoa egin zen eta amaieran Izan bidea ekitaldia egin zen plazan bertan. Urrian berriz, Euskal Herriko 650 tontorretara goiz berean igotzeko erronka bota zen baina osasun egoerak hala eraginda bertan behera utzi beharra izan zen. Orain, tokian tokiko ekimenetara itzuli da eta larunbatean, esan bezala, Oñatin presoen alde Korrika egingo da. Hitzordua plazan, 12:00tan jarri da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!