Presoak eta gaixoaldiak gaiaren inguruan dokumental emanaldia eta hitzaldia antolatu ditu Sarek
Kartzelan gaixo dauden presoek dituzten zailtasunak, jasan behar izaten duten eskubide urraketa eta indefentsio egoera azaltzeko bi saio antolatu ditu Sarek. Lander Garrok zuzendutako Tipularen sehaska kanta dokumentala estreinatu berritan ekarriko da Oñatira, bihar bertan. Hurrengo asteartean berriz, Txema Matanzas abokatuaren hitzaldia izango da.
Tipularen sehaska kanta dokumentala gaixo dauden euskal presoen egoeratik abiatzen bada ere, kartzela bera auzitan jartzen duela esan du Lander Garrok, teorian helburu batzuk dituelako baina beste erabilera bat eman ohi zaiolako, ankerra, askotan. Kartzelaren eta gaixotasunaren errealitatea ezagutzen duten preso ohi, mediku edota senitartekoen lekukotzetan oinarritzen da dokumentala.
Tipularen sehaska kanta dokumentala Kultur etxeko zine aretoan ikusi ahal izango da bihar, 19:00tan. Astebete beranduago berriz, hilaren 15ean, Txema Matanzas abokatuaren hitzaldia izango da Santa Ana aretoan (19:00). Gaixotasun larriak dituzten presoez arituko da, tartean Gotzon Telleria oñatiarraz ere bai. Izan ere, Gotzon Telleriak ELA diagnostikatuta dauka, gaitz sendaezina, baina Kantabriako El Duesoko espetxean dago egun.
Gotzon Telleriaren egoera salatu du Oñatiko Sarek, lehenago ere, eta bide berean jarraituko du bihar eta datorren astearterako antolatu diren bi ekitalditan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!