POZ orientazio zerbitzua 4 urterako lotu du Udalak

2020/07/07
Card image cap
Kontratu berria izenpetu da Athlon enpresarekin

  Oñatiko ohitura osasuntsuen orientazio zerbitzua ekainaren 8an jarri zen berriz ere martxan COVID-19ak eragindako etenaldia eta gero. Berrikuntza garrantzitsu batekin eman zion hasiera, Udalak zerbitzuaren esleipena urte baterako lotu baitu Athlon enpresarekin, beste 3 urtez luzatu daitekelarik.

  Udalak, Osakidetzak, eta Foru Aldundiak elkarlanean abiatutako zerbitzua da POZ, bizi ohiturak aldatu eta sedentarismotik bizi aktibora pasatzeko aholkularitza-orientazio zerbitzua ardatz duena. Lan hori egiteko kontratua Athlon  enpresari esleitu zion Udalak, orain aste batzuk dela. Athlonek Jokin Atxaga oñatiarra izendatu du POZ egitasmoaren arduradun, eta astean 9 ordu eskainiko dizkio programari.

  Egitasmoaren helburuen artean daude, oñatiarren artean bizi ohitura aktibo eta dibertigarriak sustatzea edota oñatiarren bizitza-portaeren aldaketa eragitea, besteak beste. Prebentzioari ere garrantzia handia eman nahi diote, elikadura eta kirola uztartuz.

  Lehen sei hilabeteetan 70 urtetik gorako erabiltzaileei zuzendu zitzaien zerbitzua; anbulatorioara doazenean, eta duten bizimoduari erreparatuta, sedentarioak diren pertsonak bideratu dira POZ zerbitzura. Bakarka edota taldean egin daitezken ariketak erakutsi zaizkie, bakoitzak dituen ezaugarri eta mugak kontuan hartuta. Zerbitzuak harrera ona izan zuen, bertaratutakoen % 70ak bakarkako jarduera fisikoarekin jarraitu baitzuen. Abendutik berriz, erabiltzaileen adin tartea zabaldu da eta 40 urtetik gorako pertsona sedentarioekin hasi dira lanean POZ egitasmoan. Horretaz gain, gaixotasun kronikoak eta ez kronikoak dituztenekin ere lan egiten dute. Aurten, beste erronka eta proiektu berri batzuk ere izango ditu esku artean POZ orientazio zerbitzuak, hala nola, nerabeen sentsibilizazioa, osasun mentaleko profesionalekin elkarlana edota Donostiako onkologikoaren ikerketan parte-hartzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!