POZ, Ohitura Osasuntsuen Orientazio Zerbitzua herritar guztiei zabaldu asmo da

2020/11/10
Card image cap
Osasun etxean ez ezik, hainbat udal bulegoetan ere aurrez-aurreko arreta eskainiko da

  Udalak, Osakidetzak eta Foru Aldundiak elkarlanean abiatutako zerbitzua da POZ, bizi ohiturak aldatu eta sedentarismotik bizi aktibora pasatzeko aholkularitza-orientazio zerbitzua ardatz duena. Lan hori egiteko kontratua Athlon  enpresari esleitu zion Udalak udaberri amaieran eta orain, urrats berri bat emanez, zerbitzua herritar guztiei zabalduko zaie, aurrez-aurreko arreta anbulatoriotik aterata. Horrek ez du esanahi osasun etxean eta bertako profesionalen gomendio eta koordinazioaz orain arte eskaini den zerbitzua etengo denik, anbulatorioko zerbitzuak jarraitu egingo baitu; baina bizitza aktiboagoa egin nahi duten herritarrek zuzenean jo ahal izango dute orientazio zerbitzu horretara.

  Publiko orokorrari zuzenduta hiru egun zehaztu dira POZ zerbitzuaz baliatu ahal izateko, astelehen, asteazken eta ostegunak. Astelehenetan, 16:00tatik 18:00tara, telematikoki izango da harremana, eta beste bi egunetan, aurrez-aurrekoa: asteazkenetan, 15:00tatik 19:00tara, Bidebarrieta kaleko 12an Gizarte zerbitzuek duten bulegoan, eta ostegunean, 9:00tatik 12:00tara, Txipistin zerbitzuko bulegoan, San Juan kalean. Harremanetarako honako helbide elektronikoa du zerbitzuak: poz.oinati@athlon.es. Jokin Atxaga oñatiarra da POZ egitasmoaren arduraduna.

  Zerbitzu honen helburu nagusia jarduera fisikoa sustatzea eta ohitura osasuntsuak barneratzea da, bai mugimenduan, elikaduran, atsedenean edota egonkortasun emozionalean eraginez. POZ ohitura osasuntsuen orientazio zerbitzua anbulatoriora zihoazen 70 urtetik gorako erabiltzaileei zuzendu zitzaien hasieran baina edozein adineko herritarrengana zabaldu nahi da egun.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!