Pioi eta pioi gidari lan poltsak osatzeko deialdiak zabaldu ditu udalak

2018/09/07
Card image cap
Eskaerak, hilaren 27ra arte udal bulegoetan aurkeztu behar dira

  Udal brigadan sortu daitezkeen bajak bete edo pilatutako lanei aurre egin ahal izateko, pioi eta pioi gidari lan poltsak osatu nahi dira. Hautagaiek bete beharreko baldintzak oso antzekoak dira bi kasuetan: eskola graduatuaren jabe izan behar da eta euskarari dagokionean 2. hizkuntza eskakizunaren pareko ezagutza izan behar da. Gida baimena ere eskatzen da, pioi lanetarako B gida baimena eta pioi gidari izateko berriz, C gida baimena.

  Bete beharreko funtzioak ere oso antzekoak dira: udal brigada lan taldeko lan sinpleetan lagundu, hiri altzarien mantentze lanak egin, jai ekitaldietarako eszenategiak muntatu, noizbehinka bide seinaleak margotu edota hala agindutakoan hilobiratzeetan lagundu, besteak beste. Pioi gidariaren kasuan gainera, udal ibilgailuetan materiala garraiatu edo materiala jasotzera hornitzaileen biltegietara joan beharko da.

  Pioi eta pioi gidari lan poltsatan agertu ahal izateko, oinarrizko azterketaldia gainditu beharko da. Azterketa teoriko eta praktiko bana egin beharko da lan poltsa deialdiei atxikitako gaitegiak oinarri hartuta. Kasu honetan ere alde txiki bat dago pioi edo pioi gidari deialdietan, pioi gidari hautagaiei garabi-besodun kamioi baten erabilera eta mantentzearen inguruko ezagutza eskatuko baitzaie. Euskarazko ezagutza maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek euskara azterketa ere egin beharko dute.

  Azterketaldiaz gain agiri bidez egiaztatutako lan esperientzia eta formakuntza osagarria era baloratuko da eta puntuazioaren araberako hautagaien zerrenda osatuko da.

  Baina aurrez, lan poltsetan parte hartu nahi dutenek eskaera bete behar dute udal bulegoetan. Horrekin batera, nortasun agiriaren fotokopia, eskatutako tituluen kopiak eta aipatutako lan esperientzia eta formazio osagarriaren egiaztagiriak aurkeztu behar dira. Pioi eta pioi gidari lan poltsetan parte hartu ahal izateko eskaerak gaurtik hilaren 27a bitartean egin daitezke, udal bulegoetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!