Oñatiko udala

Pertsonal, kirola eta sozioekonomia gaiak nagusi izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

2018/03/15
Card image cap
Euskara irakasle bat kontratatu eta lan poltsa osatzea eta Uda kanpainarako kirol begiraleak kontratatzea aztertuko da

  Udal euskaltegirako euskara irakaslea kontratatu nahi da, bide batez, hautaketa prozesua gainditzen dutenekin lan poltsa eratuko da, etorkizuneko beharrei aurre egin ahal izateko. Oinarriak arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean aztertuko dira eta egoki ikusiz gero, deialdiari argi berdea emango zaio. Era berean, Uda kanpainari aurre egiteko, urtero moduan, kirol begiraleak aldi baterako kontratatzeko oinarriak zehaztuko dira arratsaldeko bileran. Oñatiko udaleko giza baliabideak arrazionalizatzeko programa zertan den ere azalduko zaie gobernu taldea osatzen duten kideei.

  Kirolak batzordearen eskutik, Atxintxiketan eta Aloña igoera Kirol elkarteekin udalak adostu zituen lankidetza hitzarmenak berritzea proposatuko da eta Udana automobilismo elkartearen hainbat eskaera  aztertuko dira, besteak beste.

  Sozioekonomia batzordeak ere hainbat diru laguntza proposamen eramango ditu gobernu batzarrera. Alde batetik, enpresa berriak sustatzeko udalak eman ohi dituen diru laguntzen oinarriak eta 2018ko deialdia aurkeztuko da eta bestetik, Txanda merkatari elkarteari aurten emango zaion diru laguntza eztabaidatuko da. Txanda elkarteak berak Oñati Herri Txartela eratzea proposatu zion udalari. Horren inguruan Lehiaren Euskal Agentziak igorri duen txostena eta ondorioak aztertuko dira gobernu taldearen arratsaldeko bileran. Olaburuko enpresa ekimenetarako zentroko araudia behin betiko onartzea proposatuko da bestalde, batzarrean.

  Tokiko Gobernu Batzarrerako lan zerrendan 30 gai jaso dira.     

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!