Oñatiko udala

Pentsionisten aldarrikapenak babesten dituzten 1.100 sinadura batu dira Oñatin

2022/06/10
Card image cap
Pentsioen eroste ahalmenari eustea eskatzen duten firmak Diputatuen Kongresuan aurkeztuko dira

  Oso pozik daude pentsionisten mugimenduko herriko ordezkariak maiatzean gauzatutako firma bilketaren babes zabalarekin. Plazan eta Olakuan hiru egunez jarritako mahaitan eta herriko enpresetara zabaldutako orrietan 1.100 sinadura biltzea lortu da. Hainbat enpresetako komite eta sindikatu ordezkariekin elkarlanean aritu dira eta ekimena arrakastatsua izan dela azpimarratu dute. Ondorioz, Oñatin, sinadura bilketa amaitutzat eman dute, ez ordea, beste hainbat herritan. Irailera atzeratu da sinadurak Madrilen, Diputatuen Kongresuan aurkezteko epea, eta nahi adina sinadura bildu ez den zenbait herritan epea luzatzea erabaki dute.

  Gogoratu dezagun Oñatin bezala, Euskal Herriko eta estatuko beste herri askotan ere pentsio pubiko duinak eskatuz abiatu dela sinadura bilketa. Hiru eskaera egin dira sinatzeko orrian: pentsioen erosteko ahalmenari eustea, benetako KPIaren arabera neurtu eta eguneratzea eta gutxieneko pentsioen igoera. Idatzian zehazten denez, pentsionistek %3ko erosketa ahalmena galdu zuten iaz, eta hori konpentsatzen joatea eskatuko diete Kongresuko diputatuei. Genero-arrakala ezabatzea, gutxieneko pentsioak handitzea eta, orokorrean, pentsio publiko duin, bidezkoak eta nahikoak bermatzea eskatzen da, 2011, 2013 eta 2021eko erreformen murrizketak indargabetzea eta sistemaren pribatizazioa baztertuz.

  Euskal Herriko pentsionisten mugimenduak sustatu du aipatu sinadura bilketa eta mugimenduak berak antolatu du astelehenean hasiko den lehen bizikleta martxa. 13 etapatan, eta 700 kilometro osatuz, Euskal Herria zeharkatuko duen pentsionisten lehen bizikleta martxa egingo da ekainaren 13tik 25era. Iaz Gipuzkoa mailakoa egin zen eta Oñatitik pasa zen. Euskal Herria osorik hartuko duena ez da gure herritik pasako. Hala ere, parte hartzera animatu nahi dira herriko pentsionista guztiak, bai martxan eta baita azken egunean, ekainaren 25ean, Donostian egingo den manifestazioan ere. 1080 euroko gutxieneko pentsioak eta pentsio, osasun eta zaintza sistema publiko duinak aldarrikatu dira bizikleta martxan eta Donostiako azken manifestazioan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!