Pentsioen osasuna berreskuratu beharra aldarrikatu du Lourdes Idoiaga zinegotzi jeltzaleak, prentsara zabaldu duen iritzi artikuluan
Pentsio Sistema Publikoaren egoera larriaren ardura Espainiako gobernuek dute, ez baitituzte Toledoko Hitzarmenaren irizpideak bete. Hitzarmen horrek zehaztu ditu bai pentsioen jasangarritasuna, bai etorkizuneko erronkei aurre egiteko bidea ere. Toledoko hitzarmenak Kongresuko alderdi politiko guztien babesa jaso zuen baina interes politikoek adostasun berriak lortu ahal izatea galarazi dute. Horregatik pentsioen gaia gatazka politikotik at uztea eskatu du bozeramale jeltzaleak, borondatea izanez gero, oinarrizko pentsioen finantziazioa, rebalorizazioa eta berme-arazoak eteteko aukera dagoela azpimarratuz.
Finantziazio-defizitari aurre egiteko, beharrezkoa da, bai gizarte-kotizazioen kutxaren eta Erreserba Funtsaren erabilera legalki babestea eta kotizazio-hobariak beste baliabide batzuekin finantzatzea. Horrez gain, ezinbestekoa da, Lourdes Idoiagaren esanetan, langabezia-tasa jaistea kalitatezko lanpostu egonkorrak sortuz; zerga bidezko finantziazio-eredu berriak bilatzea eta hain beharrezkoak ez diren ataletan aurrezkia lehenestea, izan aireportu, defentsa-gastu edota defizit publikoa hobetuta.
Pentsio baxuenei irtenbideak bilatzea eskatzen du EAJko udal taldeko bozeramaleak. Premiazkotzat jotzen du galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta galdutako ahalmen hori bermatuko duen Errebalorizazio sistema berrezartzea. Baita pentsio baxuenen balioa handitzea eta beharrezkoak diren oinarrizko pentsioen bermea ezartzea ere.
Bereziki garrantzitsua da alargun-pentsioen kalkulua berrikustea. EAJk pentsio horien zenbatekoa hobetzea aldarrikatzen du, justizia sozialaren alde; eta bestelako errekurtsorik gabe dauden milioika pentsiodun, emakume alargunak bereziki, ezin direla benefizentziaren menpe bizi esan du Lourdes Idoiagak.
Haratago joanda, Euskadin etorkizuneko marko propioa eraiki ahal izateko, pentsioen transferentzia lortzea ezinbestekoa dela dio iritzi artikuluan.. Horrela, hausturarik gabeko adostasun politikotik abiatuta, egungo eta etorkizuneko pentsioei irtenbide egonkorra emateko bidea jorratzen hasiko gara adierazi du bozeramale jeltzaleak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!