Pentsio duinen aldeko aldarriak Olakua auzora zabalduko dira
Herriko pentsionista eta jubilatuak astero elkartzen hasi zirela hiru urte beteko dira urtarrilean. Azkenaldian ordea, plazan batzen den jendea gutxitu egin da eta distantziagatik, nekeagatik edo Covid-19az gaixotzeko beldurragatik izan daitekeela pentsatzen dute antolatzaileek. Une honetan San Lorentzo eta Olakua auzunetan biltzen da herriko pentsionisten portzentaje handienetakoa, handiena ez bada. Horregatik, eta partaidetza handitze aldera, Olakuan ere elkarretaratzeak egitea erabaki da, hilean behin, hileko azken ostiralean. Aste honetarako, hilaren 27rako egin da lehen deialdia: Olakuako urmaelean, 12:00tan. Olakua eta San Lorentzoko denda eta taberna inguruetan, atari, autobus geltoki eta beste zerbitzu-gunetan jarri dira kartelak.
Pentsiodunak aurrera! lemapean, plazan astelehenero egiten diren aldarriak Olakuako urmael edo estanke ondora ekarriko dira hileko azken ostiraletan: pentsio duinak, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak, kalitatezko osasun eta asistentzia zerbitzu publiko eta unibertsalak eta euskal pentsio sistema publikoa, besteak beste.
Pentsiodunen elkarretaratzeak Olakuara ekartzeak ez du eragingo astero plazan egiten direnetan, horiek, astelehenero izango dira aurrerantzean ere. Baina hileko azken astean bi izango dira pentsiodunen elkarretaratzeak, astelehenez plazan eta ostiralez Olakuan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!