Oñatiko udala

Pentsio duinak aldarrikatzeko Gipuzkoako bizikleta martxa maiatzaren 26an iritsiko da Oñatira

2021/05/18
Card image cap
Asteleheneroko pentsionisten elkarretaratzea asteazkenera aldatuko da, ongi-etorria egiteko

  Hala jakinarazi zen atzoko elkarretaratzean. Bide batez, hilaren 29an Donostian egingo den manifestaziora joateko Oñatitik autobusak antolatu direla ere azaldu zen eta lekua hartu nahi zuten lehen lagunen izenak jaso ziren.

  Gipuzkoako pentsionistek indartsu jarraitzen dute beraien aldarrikapen eta mobilizazioekin. Herritik irten eta mugikortasuna malgutu den honetan ekintza bateratuak antolatu dituzte. Datorren astean, astelehenetik larunbatera, Gipuzkoa zeharkatuko duen bizikleta martxa antolatu da Pentsio publiko duinak! Murrizketarik ez! lemapean. 6 etapatan egingo den martxa Errenteriatik abiatu eta Donostian amaituko da, larunbaterako deituta dagoen manifestazioarekin bat eginda. Tartean, asteazkenean, Oñatitik pasako da.

  Maiatzaren 26an Zumarraga-Bergara ibilbidea osatuko du bizikleta martxak eta Udanatik barrena Oñatira 11:00ak inguruan iristea aurreikusten da. Txirrindulariei ongi-etorria emateko asmoz astelehenero egin ohi den elkarretaratzea asteazkenean egingo da datorren astean eta 12:00tan izan ordez, 10:30tarako hitzordua zabaldu zen atzo herriko pentsionisten artean. Plazan elkartuko dira eta kale Barriatik behera doazen txirrindulariak salda bero batez hartuko dituzte. Hainbat herritarrek martxarekin bat egingo dute eta 11:00-11:30ak inguruan Arrasaterako bidea hartuko dute. Eguneko jarduna Bergaran amaituko dute 18:00tan.

  Hiru urte pasatxo bete duen jubilatuen eta pentsionisten aldarrikapen mugimenduak orain arte lortutakoa arriskuan ikusten du eta pentsio publiko duinak bermatzeko neurri politikoak hartzea ezinbestekoa dela uste dute. Eskaera hori berau errepikatuko da larunbatean hiriburuetan egingo diren manifestazioetan. Oñatiko pentsionitak Donostiara joatera gonbidatu zituzten atzoko elkarretaratzean. Oñatitik autobusa jarriko da eta lehen izenak ere atzo hartu ziren. Dena den,  izenak emateko orriak Olakua eta Arrano tabernetan jarri dira eta bertan mantenduko dira datorren asteazkenera arte, maiatzaren 26ra arte.     

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!