Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan proposamenak egiteko epea ireki da gaur, hilaren 27ra arte

2022/05/06
Card image cap
Udalaren eskumeneko, bi urtetan exekutatzeko moduko eta interes orokorreko proposamenak eskatzen dira

  Partaidetzazko aurrekontuak 2023-2024 prozesua martxan du jada Udalak. Datozen bi urteetako aurrekontuetan 250na mila euro zertan inbertitu herritarrek zuzenean erabakitzea da prozesuaren helburua. Orain, maiatzaren 6tik 27ra proposamenak aurkezteko fasea beteko da eta proposamenak lehenetsi eta aztertu ondoren, bideragarriak direnen arteko bozketa egingo da urriaren 5etik 25era.

  Baina gaur proposamenak egiteko epea ireki da, esan bezala. Hiru dira proposamenak egiteko bideak: online, udalaren oñati.eus web atariaren bitartez; paperean, etxeetara banatu diren esku-orriak betez eta udal eraikinetan jarri diren postontzietan utziz edota hitzez, maiatzaren 19rako antolatu den tailerrean parte hartuz. Tailerra Bidebarrieta kaleko Euskaldun berria aretoan egingo da, 18:00tatik 19:30tara.

  Egiten diren proposamenek oinarrizko baldintza batzuk bete behar dituzte prozesuan onartu daitezen: udalaren eskumenekoak izan behar dira; bi urtetan exekutatzeko modukoak eta egiturazko gastu nabarmenik eskatuko ez dutenak; interes orokorrekoak eta onura publikoa ekarriko dutenak; bideragarritasun tekniko eta juridikoa gainditzen dutenak; 200.000 eurokoa baino gastu handiagoa eskatzen ez dutenak; aurretik jada planifikatuta edo dagoeneko exekuzioan ez daudenak eta zehatzak direnak, orokorregiak edo propositiboak ez diren proposamenak baztertu egingo baitira. Proposamenak askotarikoak izan daitezke: kultura, mugikortasuna, ingurumena, berdintasuna, hirigintza, gaztedia, kirol arlokoak eta abar.

  Udalbatza osatzen duten bi talde politikoen adostasunez abiatu da berriro Partaidetzazko aurrekontuak prozesua. Izaera loteslea izango du eta ondorioz, prozesuaren amaieran herritarrek hartzen dituzten erabakiak aurrera eramateko konpromisoa hartu dute EH Bilduk eta EAJk. Ildo horretan, herritarrez osatutako Berme Talde bat eratuko da, prozesuaren gardentasuna bermatzeko. Oñatin erroldatuta dauden 18 urtetik gorako 8-10 herritarrez osatuko da taldea eta prozesuaren etengabeko jarraipena eta balorazioa egiteaz arduratuko da. Herritarrak zozketa bidez aukeratuko dira sexua, adina eta bizitokia kontuan hartuz, herriko aniztasunaren isla izan dadin.

  2018-2020an Partaidetzazko aurrekontuen lehen prozesua gauzatu zen eta 16 proposamen gauzatu ziren: komun publikoak jarri ziren Olabarrietan eta Madalenan, Ugarkaldeko jolas partea estali zen, bizikletentzako hainbat aparkaleku estali jarri ziren eta zebrabideak argitu ziren, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!