Parroko aldaketa izango da iraila amaieran Oñatin

2019/07/03
Card image cap
Joxan Larrañagak utzi eta egun Arrasateko parroko den Horazio Argaratek hartuko du ardura

  Jose Inazio Munilla gotzainak erabaki du Horazio Argarateren parrokia eta herri aldaketa. Arrasaten zabaldu berri da notizia eta bertako fededunak haserretu egin dira, Argarate, oso errotuta dagoelako herrian.

  Oñatiko parroko lanetan 11 urte egingo dituen Joxan Larrañagak berriz, oraindik ez daki zer egingo duen etorkizunean. Gaixorik dago, Parkinson gaitza dauka, eta berak eskatu zion Donostiako gotzainari parroko ardurak arintzea. Baina lanean jarraitzeko asmoa du, beste parrokiaren batetan laguntzaile gisa. Gustuko izango lituzkeen destinoen zerrenda aurkezteko eskatu zioten Larrañagari Donostiatik eta udako oporrak horretarako aprobetxatuko dituela esan digu. Azken erabakia, izendapena alegia, gotzainarena izango da.

  Joxan Larrañaga debatarra 2008ko iraila amaieran iritsi zen Oñatira, Villabonako parroko lanetan 16 urtez aritu ondoren. Sabino Zuazabeitiaren lekukoa hartu zuen Mikel Goiaingeruaren parrokiako arduradun gisa. Oñatin oso gustura egon dela azaldu digu eta joateko penaz dagoela, baina duen gaixotasunak ardura arindu beharra eragin diola adierazi digu. Eta aire eta egiteko modu berri bat ekarriko duen parroko berriaren jarduna ez baldintzatzearren, beste herri batera joateko beharra sentitzen duela esan digu Joxan Larrañaga parrokoak. Beste herri hori zein izango den irailean zehaztuko da, seguruenetik.

  Ezaguna da jada Mikel Goiaingeruaren parrokiaren ardura hartuko duen erretore berria, egun Arrasaten den Horazio Argarate izango da. Argaratek 10 urte eman ditu Arrasaten eta hura ere oso gustura egon omen da bertan, baina apaiz ofizioan lekualdaketak egunerokoak direla eta gerta zitekeen zerbait moduan onartzen duela adierazi die Goienako kazetariei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!