Parkour-gunea egokituko da Ibarran

2019/02/25
Card image cap
Inguruko aisialdi eskaintza osatuko da Gazteak Arazerixan prozesuan jasotako eskaera beteaz

  Natura eta hirigintza elementuak aprobetxatuz oztopoak gainditu eta batetik bestera mugitzean oinarritzen den diziplina fisikoa da parkour-a. Oñatin zale talde bat badu eta horien eskutik parkour-gunea prestatzeko proposamena egin zen Arazerixan aurrekontu parte-hartzaileen gazte-prozesuan. Instalazio berria Ibarran egingo da, skate-gunea eta tirolina handiaren segidan. Horrela, inguruko aisialdi eskaintza osatuko du udalak.

  Parkour-gune honen diseinuan gazte zaletuek beraiek parte hartu dute. Lanak egingo dituen URBABIL enpresari instalazio proposamen bat eskatu zitzaion eta gazteekin kontrastatu zen. Gainera, Gasteizko parke batean izan ziren Haur eta Gazteria departamentuko teknikariarekin, Oñatin dagoen espazioa kontuan hartuta, egokiak izango liratekeen elementuak definitu eta antolatzeko.

  Barradun piramide moduko bat muntatuko da eta tamaina ezberdineko kubo nahiz prismak eta bestelako elementu bertikalak jarriko dira. Batzuk, prestatuta ekarriko dira eta beste batzuk berriz, lekuan bertan osatuko dira. Elementuen muntaian ere herriko zaleek aktiboki parte hartuko dute, elementu ezberdinen arteko distantziak neurtu eta egoki kokatzeko. Saltoak eta kolpeak leuntzeko segurtasun materiala jarriko da zoruan. Parkour elementuez gain, instalazioa ping-pong eta xake mahai banarekin osatuko da.

  Gaia, Haur eta Gazteria eta Hirigintza batzordeetan aztertu da jada, eta seguruenera, aste honetako Tokiko Gobernu Batzarrera eramango da. Gobernu taldearen onespena lortuta, lana martxan jarriko da. Enpresak pare bat hilabete beharko ditu elementu guztiak prestatu eta instalazio lanak hasterako. Martxoa eta apirila horretan joango dira, seguruenik . Gauzak ondo,  Parkour-gune hau egokitzeko lanak, maiatzean egingo dira. Lanek, 47.000 euroko aurrekontua dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!