Pake leku elkarteari dirulaguntza eta kiroldegiko garbiketa zerbitzuaren kontratazioa gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2021/09/23
Card image cap

  Pake leku elkarteak ekintza egitasmo zabala izaten du urtero: ikastaroak, kultur ekitaldiak, irteerak e.a. Baina asko etenda egon dira, osasun egoera dela eta. Badirudi ordea, jarduerari berriro ekin nahi zaiola eta egitasmoa gauzatzeko udalaren dirulaguntza eskatu dute, iaz ez bezala. Azken urteetako dirulaguntza KPIaren arabera eguneratuta, gehienez 4.827 euro ematea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzordean.

  Zubikoa kiroldegiko garbiketa zerbitzua kontratatzea ere aztergai izango da arratsaldeko bileran. Kiroldegia handitu eta egokitzeko lanak egin bitartean udalak kontratatuta zuen garbiketa zerbitzua luzatu egin zen. Orain, espazio eta behar berriak zerrendatuta, garbiketa zerbitzua berriro kontratatzeko prozesua burutzea proposatuko zaio gobernu taldeari.

  Lan zerrendaz kanpo, eta urgentziazko prozeduraz, beste gai bat ere mahai gainera aterako da gaurko bileran: Urgain-Errekalde ikastetxeko hezetasun arazoa behin betiko konpontzeko Lur paisajistak enpresak osatu zuen aurreproiektuaren egokitzea onartu eta Hezkuntza Sailaren Udalaguntza 2021 deialdira aurkeztea. Urgain eskolako patioaren aldamenean dagoen zelai malkartsua egokitu eta bertatik datozen urak hartu eta bideratzea jasotzen du Lur paisajistak enpresaren proposamenak. Horrela, jolaslekuan eta eskola atarian izaten diren putzu eta hezetasun pilaketa arazoa behin betiko konpontzea espero da. Baina inbertsio handia eskatzen du eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak finantziazioan parte hartzea nahi da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!