Oñatiko udala

Pake Leku elkarteak ohiko jarduera egitaraua antolatu du otsailerako

2022/01/26
Card image cap
Aloña abesbatzak osatu zuen azken Santa Ageda erronda (Arg:DV)
Hitzaldiak, irteerak eta Aloña abesbatzaren Santa Ageda kantu bira antolatu dira

  Hainbat hilabeteren ondoren, eta zuhurtzia handiz, ekin dio Pake Lekuko batzordeak hileko egitaraua antolatzeari. Eskulan, dantza eta kultur ikastaroak izan ziren lehenak, urrian, baina hitzaldi eta bestelako kultur ekintzak antolatzen hasteko epea luzatu egin da. Orain, osasun egoera hobetzen ari dela ikusita, hil osoko egitaraua zehaztu eta iragartzera animatu dira. Hiru hitzaldi, irteera bat eta Aloña Abesbatzaren Santa Ageda erronda izango dira datozen asteotan.

  Lehen ekitaldia astelehenean bertan Tere Txopiteak emango duen hitzaldia da, El libro de Cicerón: sobre la vejez izenburupean. Otsailaren 14an, Juan Antonio Apraizek arrantza Euskal Herrian gaia jorratuko du, eta 21ean, Agotz Iturbek Santiago bideaz berba egingo du. Hitzaldi guztiak 17:30tan hasiko dira.

  Kultura eta Natura bidaia egitasmoak ere aurrera jarraitzen du eta otsailaren 25era Bizkaira hurbilduko dira Pake Lekuko bazkideak; Bermeoko arrantzaleen museora bisita gidatua egingo dute, goizean, eta Gaztelugatxeko San Joanera, arratsaldean. Eguraldi txarra eginez gero, arratsaldeko plana, Gernikako Batzar Etxea bisitatuz osatuko dute. Zabalik dago jada izena emateko epea, otsailaren 16ra arte. Izen-emate orria bete eta Pake Lekuko bidaietako bulegoan entregatu daiteke astearte eta asteazkenetan, edo posta elektronikoz bidali daiteke pakelekulturanatura@gmail.com helbidera. Aldi berean, 15 euroko ordainketa egin beharko da Pake lekuko Laboral Kutxako kontuan.

  Otsailak Santa Ageda eguna dakar berarekin, ospakizun berezia Aloña abesbatzarentzat, kalera lehen aldiz halako egunez irten baitzen. Eta pandemiak eragindako etenaldi luzearen ondoren berriro kalera kantuan irtengo dira otsailaren 4an. Santa Ageda bezperan abestu ohi diren koplak kalerik kale eskainiko dituzte beste urte batez.

  Eta inauteri ospakizunak ere itzulik dira Pake Leku elkartera, otsailaren 20an, Eguen zuri, Ostegun gizen eguna ospatuko baita merienda eta dantzaldiaz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!