Oñatiko udala

Pake leku 2022 sari berrirako hautagaiak proposatzeko epea ireki da

2022/11/11
Card image cap
Herrigintzan, gai sozialetan eta boluntariotzan nabarmendu den jubilatua saritzea da helburua

  Pake lekuko azken batzar orokorrean erabaki zen Pake leku herrigintzari saria sortzea. Oñatiko komunitateari lagundu dion jubilatu bati errekonozimendua egin eta saritzea da helburua, eguneroko lana, ibilbidea eta balore pertsonalak aitortuz.

  Herritarrak izango dira saria eskuratzeko hautagaiak proposatuko dituztenak eta horretarako epea ireki berri da. Pake lekuko tabernan proposamenetarako inprimakiak jarri dira; sarirako hautagaiaren izena ez ezik, herrigintzan eta gai sozialetan egin dituen merituak azalpen laburra egitea eskatzen da. Hautagaiak aurkezteko epea abenduaren 22an amaituko da eta ondoren, 27an, Pake lekuko juntako epaimahaiak hautagai egokiena aukeratzeko batzarra egingo du.
Herrigintzan eta gai sozialetan nabarmendu den jubilatuari oroigarria emango zaio eta Pake lekuko tabernan bi lagunentzako saria ere bai. Pake leku 2022 saria emateko ekitaldia abenduaren 29an egingo da herriko jubilatu eta pentsionisten elkartean bertan.

  Pake leku elkartean jarraituz esan, bestalde, azaroan egin ohi den kultur asterako programazioa prest dutela. Azaroaren 28tik abenduaren 3ra ospatuko da Pake lekuko kultur astea eta bi hitzaldi, eskulan erakusketa, kontzertua, irteera eta bertso afaria antolatu dira. Alzheimerraren eta bizi testamenduaren inguruko hitzaldi bana egingo da azaroaren 28 eta 30ean. Tarteko egunean, hilaren 29an, Pake lekuk antolatzen dituen ikastaro eta tailerretan egindako lanen erakusketa irekiko da. Abenduaren 1ean, berriz, Oñati ezagutzen egitasmoko irteera egingo da Zumeltzegiko dorrera eta Gebaratarren konderriari buruzko argibideak emango ditu Jerardo Elortzak. Abenduaren 2an Aloña abesbatzaren urteroko emanaldia izango da Santa Ana aretoan eta abenduko lehen zapatuan, 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, bertso afaria izango da elkarteko tabernan. Ekintza berria da Pake leku elkartean eta herriko bertsolari gazteak gonbidatu dituzte: Maider Arregi eta Aitor Tatiegi. Bertso afaria 20:30etan hasiko da eta txartelak, dagoeneko salgai daude Pake lekuko tabernan, 15 eurotan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!