Pablo Sorozabalen omenezko kontzertua egingo da Arantzazun, Musika hamabostaldiaren baitan

2022/06/20
Card image cap
Ganbara Abesbatzak parte hartuko du eta aurrez, inaugurazio eguneko kontzertuetako bat ere emango dute oñatiarrek

  Arantzazu eta Oñatiko Ganbara abesbatzak presentzia bikoitza izango dute aurten Musika hamabostaldian.
Musika Aitzakia ziklo ibiltariaren baitan, Ignaziotar ibilbidea gogoratuz txangoa egingo da Gesaltza eta Arantzazu artean, abuztuaren 20ko goizean, eta 25ean, Haritza eta ihia. Sorozabali omenaldia kontzertua eskainiko da Santutegian, 19:00tan.

  125 urte betetzen dira Pablo Sorozabal konpositore donostiarra jaio zela eta horren harira, kontzertua eskainiko dute Easo eta Oñatiko Ganbara abesbatzek Arantzazun. Euskal folklorea oinarri hartuta hainbat konposizio osatu zituen Sorozabalek eta errepertorio zabal hori miatu ondoren, euskal doinuak protagonista diren egitaraua prestatu dute bi abesbatzek. Aipagarria da Aita Madina txistulari taldeak ere parte hartuko duela eta ikuskizun osoa izango dela, narratzaile batekin eta Axular dantza taldearen eta DAB konpainiaren partaidetzarekin. Sarrerak, 13 edo 18 eurotan, gaur bertan jarri dira salgai.

  Baina Arantzazukoa ez da Ganbara abesbatzak Musika hamabostaldian emango duen kontzertu bakarra, abuztuaren 2an, inaugurazio egunean, San Bizente elizan arituko baitira, 20:30tatik aurrera. Orduan, Inspiratio izeneko emanaldia eskainiko dute, Mendelssohn, Brahms, Debussy edota Sarasola eta Aranbururen lanak kantatuz. Kontzertua doan izango da.

  Arantzazu klasiko bat da Musika hamabostaldiaren programazioaren baitan. Urteak daramatzate kontzertuak Santutegian eskaintzen. Kontzertu bereziak izan ohi dira, dantzarekin eta folklore eta herri musikarekin uztartzen direnak, sarritan. Hala, iaz, Carlos Nuñez gaita jotzaile galiziarrak Celtic Beethoven kontzertua eskaini zuen.

  Abuztuaren 25ean eskainiko den Haritza eta ihia. Sorozabali omenaldia kontzertuaren aurrerapen moduan, eta pandemiak eragindako etena atzean utzita, Ignaziotar Bideko musika txangoak berreskuratuko dira eta, abuztuaren 20an, Gesaltzatik Arantzazurako bidea egingo da Egeria taldearen musikaz lagunduta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!