Oñatiko udala

Oztopo-zutoin hidraulikoak jarriko dira Txaketuaneko bidegurutze inguruan, semaforoen ordez

2021/01/18
Card image cap
Sistema hornitu eta instalatzeko lizitazioa abian da

  Txaketuaneko bidegurutzea asteburu eta jaiegunetan ixteko hainbat sistema erabili dira orain arte: hesiak jarri ziren hasieran, zaintza kamerak ondoren eta gunearen seinaleztatze horizontal eta bertikala hobetu zen gero eta orain hiru urte berriz, semaforoak. Baina horiek ere arazoak eragiten dituzte, nagusiki, kanpotik datozen gidarien artean, askok ez dituztelako inguruko seinaleak ondo ulertzen eta denboratan egoten direlako semaforo parean berde jartzearen zain.
Arazoa behin betiko konpontze aldera, zutoin edo pibote hidraulikoak jartzea erabaki da; bina oztopo-zutoin jarriko dira Parrokia aldamenean eta Bakardadeko Ama kalearen barrenean. Baimendutako ibilgailuen matrikulak irakurtzeko sistema izango dute eta hauek hurbiltzean automatikoki jaitsiko dira, bidea irekiz.

  Oztopo-zutoin hidrauliko sistema berria hornitu eta instalatzeko lizitazioa abian da. Udalak 38.736 eurotan mugatu du kontratuaren aurrekontua eta burutzeko epea berriz, 8 astetan. Enpresa bakarra aurkeztu da lizitaziora eta jarritako baldintza guztiak betetzen dituen aztertzen ari da Kontratazio Mahaia.

  Oñatiko Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren baitan Erdigune Historikoaren Plan Estrategikoak zehazten du oinezkoen guneetara sarbidea kudeatu beharra, beti ere oinezkoen eremua handitze aldera. Erdiguneko oinezkoen eremua mugatzeko sarbide kontrolak lau puntutan jartzea aurreikusten du dokumentuak: Unibertsitate etorbideak eta Aita Madina kaleak bat egiten duten gunean, Maiatzaren 1a plaza parean eta Portu eta Ramon Irizar kaleetan. Azken bi hauetan eskuz jarri eta kentzen diren zutoinak daude egun, baina baliteke zutoin hidraulikoak jartzea erabakitzea, aurrerago. Oraingoz Txaketuaneko bidegurutze inguruan jarriko dira, semaforoak ordezkatuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!