Otsaila Antzerkiaren hilabetea izango da gurean, hiru antzezlan programatu baitira
Haurrei zuzenduta bi antzerki emanaldi izango dira datorren hilean: Hansel eta Gretel, otsailaren 6an eta Mari eta galleta fabrika otsailaren 14an. Bien tartean, otsailaren 12an, eta publiko helduari zuzenduta, Atzerrian lurra garratz antzezlana Oñatin estreinatuko du Artedramak.
Muntaia berriak Luhuson estreinatu ohi ditu Artedrama taldeak baina iparraldeko neurri murritzaileak gogoan hartuta, eta antzokiak itxita daudela, estreinaldia hegoaldean, Oñatin egitea erabaki dute. Amancay Gaztañagak zuzentzen duen obra honetan, Ander Lipus eta Laura Penagos ikusiko ditugu oholtzan Miren Amurizak idazten lagundu duen istorioa kontatzen. Posible al da gurea ez den lur batean sustraitzea? Posible, familia eta aberriaren zama gainean dugula, hegaldi propioari ekitea? Galdera horietan oinarritzen den antzezlana da Atzerrian lurra garratz.
Hiru antzezlan baina lau emanaldi izango dira otsailean gurean, Mari eta galleta fabrika birritan taularatuko baita, 16:30tan eta 18:00tan. Hansel eta Gretel 17:00tan eskainiko da eta Atzerrian lurra garratz 19:00tan. Guztiak, Santa Ana aretoan.
Antzerki emanaldi hauetarako sarrerak larunbatean jarriko dira salgai. Aldez aurreko salmenta 10:30tan aktibatuko da eta hortik aurrera sarrerak eskuragarri izango dira www.oñati.eus atarian, leihatila digitalean eta Txokolateixian, agortu arte.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!