Other Words/Beste Hitzak antologia aurkeztu da

2019/07/19
Card image cap
Imanol Galdos oñatiarra aritu da proiektua koordinatzen

  Beste Hitzak proiektuak Europako hizkuntza gutxituen egoera azaleratzea du helburu eta hainbat herrialdetako 34 idazlek hartu dute parte egitasmoan.

  2015ean sortu zen proiektua Europako Kultur Hiriburuaren izendapenaren testuinguruan, Donostia Kulturak eta Donostia 2016k sustatuta. Hizkuntza gutxituak oinarri hartuta, literatura sorkuntza egonaldiak antolatu dituzte eta emaitza Other Words antologian aurkeztu da gaur. Imanol Galdosek prentsan azaldu duenez eskutuan dauden errealitateekin topo egin nahi izan dute eta hala Euskal Herria, Eslovenia, Mazedonia, Frisia, Eskozia, Curaçao eta Irlanda harremanetan jarri dituzte.

  Hautatutako 34 partaidek bi hilabeteko egonaldia egin dute eta tokatutako herrialdea agertoki moduan hartuta literatur lan bat sortu behar izan dute jatorriko hizkuntzan. Bide batez, bertako kultur eragile eta elkarteak ezagutu ahal izan dituzte. Euskal Herriko bost sortzailek parte hartu dute egitasmoan: Ekaitz Goienetxeak, Yoseba Peñak, Beatriz Txibitek, Eneko Aizpuruak eta Ainara Maiak.

  Hamar hizkuntzatan idatzitako 34 literatur lanek osatzen dute Other Words antologia. Literatura zentzu zabalean ulertu behar da, poema bildumak, saiakera eta beste genero literario batzuk bildu direlako. Other Words/Beste Hitzak egitasmoa elkarrengandik ikasi eta elkarri irakasteko prozesu moduan definitu du Imanol Galdosek, bide berriak jorratzeko aukera ireki duela azpimarratuaz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!