Oñatiko udala

Ostiralean sinatuko da Araotzeko taberna-ostatua ustiatzeko kontratua

2022/07/06
Card image cap
Itziar Mondragon Azkarraga arrasatearrak 5 urterako hartuko du, beste bost urtez luzatzeko aukeraz

  Eskaintza bakarra aurkeztu zen Araotzeko taberna-ostatua ustiatzeko prozedurara eta Udalak jarritako baldintzak betetzen zirela ikusita, esleipena, bere alde egitea erabaki zen azken Osoko Bilkuran. Etzi, uztailaren 8an, finkatu da esleipen kontratua sinatzeko hitzordua.

  Eskoriatzan bizi den Itziar Mondragon Azkarraga arrasatearrak ustiatuko du Araotzeko taberna-ostatu berria, baina beste bi lagun izango ditu taldekide, esleipen prozesura aurkeztu zuen txostenean zehaztu zuenez. 5 urterako kontratua sinatuko du Udalarekin, beste bost urtez luzatzeko aukerarekin. Lehen urtean, 1.550 euroko errenta ordainduko du hilero, eta % 2ko igoera aplikatuko da urtero.

  Kontratua uztailaren 8an sinatu arren, generoa sartu eta azken prestaketa lanak egin behar dituztela adierazi digu Mondragonek. Araotzeko taberna ostatua, uztaileko azken astean, beranduenera abuztuaren 1ean zabaltzea da asmoa. Ostalaritzan senitarteko baten jatetxean laguntzaile moduan ibilita, landa hotel txiki bat kudeatzea bizitzako ametsa izan duela adierazi digu Itziar Mondragonek, eta Araotzeko aukera ikusita, hausnartu, etxekoekin baloratu, eta probestera animatu dela esan digu. Lau apartamentu turistiko izanda, tamaina txikiko eta etxeko tratu hurbila eskaintzeko moduko ostatua dela esan digu eta helburu horrekin hartu du. Araotzera bizitzera joateko asmoa du eta bertan jubilatzeko plana egin duela aitortu digu.

  Araotzeko neska eskolan 4 apartamentu turistiko, taberna eta jatetxea egokitu dira. Instalazioak altzariz jantzi eta etxetresnaz hornitu daude eta, azken prestaketa lanak eginda, hiru aste-hiru aste eta erdi barru irekiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!