Ostiralean egingo dira maiatzeko odol ateraldiak, Zubikoa pilotalekuan

Pasa den hileko esperientzia ondo joan zela ikusita bide beretik jarraituko dute ostiralean Odol Emaileen Elkartekoek. Protokoloa zorrotza da: emaile jakin batzuk soilik gonbidatuko dira odola ematera, mezu elektronikoa jasoko dute eta joango direla konfirmatu eta zein ordutan joango diren zehaztu beharko dute. Jarriko diren ohetxo edo kamila kopurua kontuan hartuta, odola emateko txandak beteko dira, zain dagoen jenderik pilatu ez dadin. Ordutegi aukera betikoa izango da, 17:00tatik 19:00tara, baina gogoratu, odol ateraldiak kiroldegiko pilotalekuan izango direla, ostiralean, maiatzaren 15ean, urte hasierako egutegian zehaztu zenez.
Herriko odol emaileei beraz, elkartearen gonbidapenaren zain egon daitezen eskatzen zaie eta mezurik jasotzen badute, lehenbailehen erantzutea, joan daitezkeen ala ez, eta zein ordutan joango diren. Maiatzean, apirilean bezala, odol emaile berrientzat ez da aukerarik izango.
Alarma egoeran ere odol erreserbak beteta izatea komeni da eta horregatik, Odol Emaileen Elkarteek beraien jarduna egokitu eta baldintza jakin batzuetara moldatu dituzte baina herriz herrikako ateraldiei eusten diete, ahal den neurrian behintzat. Oñatin ez da odol emate hitzordurik eten, orain arte.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!